Ekonomia -

Washington

Enplegua etorkizuneko politiken "epizentroan" kokatu du G20k

Bilera Obamak proposatuta egin dute, taldeko ekonomien berreskurapen planetan enplegua arreta handiagoz jarraitu behar dutela uste duelako AEBetako presidenteak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

G20ko Lan ministroek gomendioak emateko oinarriak jarri dituzte gaur, enplegua etorkizuneko politiken epizentroan jarriz.

Lan ministroek bilera hasi dute gaur Washingtonen. Bihar ondorioak aurkeztuko dituzte eta Barack Obama AEBetako presidenteari aholkuak emango dizkiote. Era berean, G20ko buruzagientzat ondorio horiek oinarri izango dira, Toronton egingo duten goi-bileran.

Europar Batasuneko, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko (ELGA) eta Lanaren Nazioarteko Erakundeko (LANE) ordezkariak bileran parte hartzen ari dira.

Bilera Obamak proposatuta egin dute, G20k Pittsburgen (AEB) egindako aurreko goi-bileran taldeko ekonomien berreskurapen planetan enplegua arreta handiagoz jarraitu behar dutela uste izan zuelako.

Ereduak eta esperientziak

Ministroek esperientziak eta lan-merkatu ereduen iritziak partekatuko dituzte; lan-merkatuaren egoera, lanpostuak babesteko eta gazteak laguntzeko politikak aztertuko dituzte, eta baita lanpostuak sortzeko egitasmoak ere.

Nahiz eta oraindik azken ondoriorik ez izan, enplegua gobernuen etorkizuneko politiken "epizentroa" izan behar dela esan dute zenbait ministrok, lanpostuen deuseztapena krisi ekonomikoaren ondoriorik "kaltegarriena" izan delako.

Celestino Corbacho Espainiako Lan ministroak, Javier Lozano Mexikokoak eta Carlos Tomada Argentinakoak egitekoa hori dela adierazi dute, baina lehenengo biek gazteak ere lehentasuna izan behar direla erantsi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea