Ekonomia -

Langileen Nazioarteko Eguna

Euskal sindikatuak nor bere aldetik ospatzen ari dira Maiatzaren 1a

ELAk eta LABek bakoitzak bere aldetik aldarrikatuko dute Langileen Nazioarteko Eguna. CCOOk eta UGTk martxa bateratua egingo dute, baita Steilas, CGT-LKN eta ESK sindikatuek ere.

Maiatzak 1, manifestazioa Bilbon
Maiatzak 1, manifestazioa Bilbon
Maiatzak 1, manifestazioa Bilbon

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtero legez, gaur, Maiatzak 1, igandea, Langileen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta euskal sindikatuek bakoitzak bere aldetik egingo dute beste behin ere.

ELA

"Gehiago balio dugu. Con reformas y convenios estatales, más precariedad y pobreza" lelopean ELAk bi hitzordu ditu. Lehendabizikoa kronologiko Iruñean egingo duena izango da, eta Gurutze plazatik aterako da 11:30ean hasita. Bigarrenak Bilboko kaleak zeharkatuko ditu 12:15etik aurrera, irteera puntua Jesusen Bihotzean egonik.

Adolfo "Txiki" Muñoz ELAko idazkari nagusiak mitina eskainiko du 11:45etik aurrera Bilboko Jesusen Bihotza plazan. Langilearen Eguneko aldarrikapenei dagokionez, ELAk euskal administrazioen politika "antisozialen" amaiera eskatuko du eta "eskubideen suntsiketa" ere salatuko du. Gainera, Confebask patronalak berriki aurkeztu duen lan harremanen eredu berria ere salatuko du, ELAren esanetan, sindikaturik eta hitzarmen kolektiborik gabeko lan esparrua helburu duena. Bestalde, "estatalizazioa" kritikatu du, sindikatuaren hitzetan "behin-behinekotasuna" ekartzen duelako.

LAB

LAB sindikatuak, bere aldetik, bere deialdiak biderkatuko ditu, hainbat baitira Euskal Herrian egingo dituen manifestazioak "Euskal Herria contra la precariedad. Langileok martxan eskuBIDEAk aktiBATUZ" mezua aldarri izanda. Arabako hitzorduak Gasteizen (12:30) eta Amurrion (12:00) dira, azken udalerri horretan Tubos Reunidosek lan-erregulazioko espedientea iragarri du. Bizkaian Sestaon egingo da manifestazioa, 12:30ean, eta hango ACB altzairu-lantegia itxi berri dutela aintzat hartuko dute. Gipuzkoari dagokionez, Donostian (12:30), Eibarren (12:00) eta Zumarragan (12:00) bilduko dira; hain justu ere, Zumarragan, ArcelorMittal enpresak 342 langile Asturiasera bidaltzeko asmoa azaldu du. Nafarroan deialdi asko ditu LABek gaurko, baina hiriburuan egingo dena izango da nabarmena: Gaztelu plazatik aterako da, 12:30ean. Ipar Euskal Herrian ere aldarrikatuko dituzte langileen eskaerak: Baionan (10:30), Maulen (11:00) eta Ziburun (11:00).

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak LABek Donostian deituriko manifestazioan parte hartuko du. Maiatzaren 1eko mobilizazioen harira, behin-behinekotasunari aurre egiteko alternatiba bat eraikitzearen beharra aldarrikatuko du, langileak batuz eta mobilizatuz. LABen esanetan, langileek botere ekonomikoari eta "sindikaturik gabeko" lan harremanen eredua proposatzen duen patronalari egin behar die aurre.

UGT eta CCOO

Euskadin ordezkaritza duten Estatuko UGT eta CCOO sindikatuei dagokienez, batera ospatuko dute Maiatzaren Lehena beste behin, eta hitzorduak izango dituzte EAEko hiriburuetan eta Nafarroakoan: Bilbo (11:30, Jesusen Bihotza), Donostia (12:00, Alderdi Eder), Vitoria-Gasteiz (12:00, Andra Mari Zuriaren plaza), Iruñea (12:00 autobus geltoki zaharra). Oraingo honetan aukeratu duten leloa honako hau da: "Contra la pobreza salarial y social. Lana eta Eskubideak".

Unai Sordo eta Raul Arza, hurrenez hurren, CCOOk eta UGTk Euskadin dituzten idazkari nagusiak Bilboko manifestazioan izango dira. Aipaturiko bi sindikatuek egungo politika ekonomiak aldatzea eskatuko dute, "behin-behinekotasuna eta pobrezia" sakontzea eragin dutela argudiatuta. Halaber, Euskadiko negoziazio kolektiboaren blokeoari irteera bat bilatzea ere aldarrikatuko dute. Bestalde, langileei etsipenean ez erortzeko eta ekainaren 26ko Espainiako hauteskunde orokorretan botoa emateko dei egin die.

STEILAS, CGT-LKN eta ESK

Bilbon Steilas, CGT-LKN eta ESK sindikatuek ere egingo dute manifestazio bateratua; 11:30ean abiatuko dira, Kale Nagusiko 56. zenbakitik. Gipuzkoan, "Langileen Askatasuna eta Eskubideak Berreskura Ditzagun" lelopean Errenteriatik Donostiara martxa egingo dute ESK, Steilas, CGT-LKN  eta CO.BAS sindikatuek eta eguerditik aurrera Donostiako kaleak zeharkatuko dituzte, Boulevardetik hasita. Bestalde, Gasteizen, ESK, Steilas, CNT eta CGT elkarrekin aterako dira kalera 12:30ean Europa Zentro Zibikotik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainia Bilboko albisteak Donostia albisteak Iruñeko albisteak Eusko Langileen Alkartasuna LAB Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana berriak Langileen nazioarteko eguna albisteak Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gasteiz berriak Gaurko azken ordukoa CCOO albisteak UGT azken ordukoa ESK sindikatua gaur