Ekonomia -

Zumarragako lantegia, itxita

ArcelorMittaleko zuzendaritzarekin bilduko da gaur Tapia sailburua

Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Zumarragako alkatea ere izango dira Madrilgo hitzorduan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zumarragako lantegiaren etorkizuna hizpide, ArcelorMittaleko zuzendaritzarekin bilduko dira gaur, Madrilen, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Mikel Serrano Zumarragako alkatea.

Lantegiaren ekoizpena etenda dago, eta langile gehienak Asturiasera eraman nahi ditu zuzendaritzak.

Kontsulta epea asteazkenean bukatu zuten bi aldeek, baina ostegunean, hilaren 12an, berriro bilduko dira baldintzak negoziatzen jarraitzeko. Bi gai izango dituzte mahai gainean: Asturiasera lekualdatuko dituzten beharginei eman beharreko diru-laguntzak eta kontratuak etengo dituzten langileei eman beharreko kalte-ordainak.

Bilerak

Inbertsioak eginez gero, Zumarragako lantegia "bideragarria" dela uste du Tapia sailburuak, eta horixe defendatuko du bertan.

Bileraz betetako astea izango da honakoa. Sailburua Zumarragako enpresa-batzordearekin bilduko da asteon, eta langileen ordezkariak Gipuzkoako Batzar Nagusietan izango dira gaur.

Asteazkenean, beste batzar bat izango du Tapiak Sestaoko ACBko enpresa-batzordearekin, eta biharamunean, lantegiko zuzendaritzarekin.

Uztailean Sestaoko altzairu-fabrika berriz zabaltzeko asmoa duela iragarri du ArcelorMittaleko zuzendaritzak. Ekoizpen maila txikia aurreikusi dute, ordea; hilean 10.000-12.000 tona ingurukoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak Ekonomia Zumarraga albisteak Eguneko albisteak