Ekonomia -
LANA
2016an 1.500 enplegu sortzea aurreikusi dute EAEko kooperatibek
Krisialdiaren ostean, iaz hasi ziren enplegua berreskuratzen kooperatibak, 294 lanpostu sortuta. 2014an 954 enplegu galdu zituzten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAEko kooperatibek, aurten, fakturazioa % 4 handitzea eta 1.500 enplegu sortzea aurreikusi dute. Urteko lehen lau hilabeteetan, 956 sortu dituztela jakinarazi dute.
Erkide Euskadiko Lan Elkarteen, Irakaskuntza, Kontsumo eta Kreditu Kooperatiben Federazioak eman ditu datuok, gaur. Javier Goienetxea eta Agustin Mendiola Erkideko presidentea eta zuzendaria, hurrenez hurren, agertu dira hedabideen aurrean, 2015eko emaitzak eta 2016ko erronkak agertzeko.
EAEko kooperatiben % 75 batzen ditu Erkidek, tartean MCC taldea. Etxebizitzarekin, nekazaritzarekin eta garraioarekin lotutako kooperatibak daude, batez ere, elkarte horretatik kanpo.
Krisialdiaren ostean, iaz hasi ziren enplegua berreskuratzen kooperatibak, 294 lanpostu sortuta. 2014an 954 enplegu galdu zituzten. Aurten, goranzko joerari eustea espero du Erkidek.
Fakturazio-datuak ere, Goienetxeak eta Mendiolak jakitera eman dutenez, baikorrak dira; iaz, salmentak % 6,7 hazi ziren, eta, aurten, % 4 gora egingo dutela uste dute. Dena dela, Goienetxeak onartu du 2016ko aurreneko hilabeteetan salmentak ez direla espero bezain onak izan.
Erkide federaziora, aurten, beste 50 bat kooperatiba batuko direla aurreikusi dute. Egun, 979 kooperatibak osatzen dute elkartea.
Datorren asteazkenean, Arabako Miñano parkean, egingo duten batzar orokorrean aurkeztuko dizkie bazkideei datu hauek guztiak, xehatuta, Erkidek. Ekitaldian Iñigo Urkullu lehendakariak hartuko du parte. Egun bat lehenago kooperatiben lege berria onartuko du Eusko Legebiltzarrak.