Ekonomia -
Enplegua
% 20ko langabezia tasa "oso handia" dela onartu du Salgadok
Horrez gain, lan merkatuaren txartzea 2009ko lehenengo hiruhilekoan baino "askoz ere motelagoa" izan dela adierazi du, nahiz eta horrek "zifren larritasuna estaltzen ez duen".
Elena Salgado Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak, eta Ekonomia eta Hazienda ministroak, onartu du lehenengo hiruhilekoan izandako % 20ko langabezia tasa "oso handia" dela, eta nabarmendu du Gobernua "ahalegin guztiak" egiten ari dela lana sortzeko baldintzak prestatzen.
Ministro Kontseiluaren atarian, Salgadok onartu du lehenengo hiruhilekoko datuak "larriak" direla; hala ere, gogoratu du lan merkatuaren txartzea 2009ko lehenengo hiruhilekoan baino "askoz ere motelagoa" izan dela, bai eta azken urtean baretuz joan dela ere.
"Lan merkatuaren egoera egonkortu da azkeneko urtean, haren txartzea 2009ko lehenengo hiruhilekoan baino motelagoa izan delako. Lanpostu kopuru txikiagoa galdu da, baina horrek ez du zifren larritasuna eta Gobernuak enplegua sortzeko egiten dituen ahaleginak estaltzen", nabarmendu duenez.