Ekonomia -
Protestak
ELAk eta LABek grebak deitu dituzte Gipuzkoako metalaren sektorean
Lau greba egun (maiatzaren 28an eta ekainaren 4an, 10ean eta 11n) izango dira, Adegi patronalak lan-hitzarmen berria onartzeko duen asmoa salatzeko.
Erredakzioa
ELA eta LAB sindikatuek lau greba egun deitu dituzte Gipuzkoako metalaren sektorean, Adegi patronalak lan-hitzarmen berria onartzeko duen asmoa salatzeko.
Bi sindikatuetako ordezkariek (negoziazio mahaiaren % 76,66 ordezkatzen dute) jakinarazi dutenez, 24 orduko greba egunak izango dira maiatzaren 28an eta ekainaren 4an, 10ean eta 11n.
Gainera, sindikatu abertzaleek manifestazioa deitu dute maiatzaren 14rako egungo lan-hitzarmenaren negoziazioa babesteko eta Adegik proposatzen duen berria errefusatzeko.
Jose Luis Vidal ELAren Metal alorreko ordezkariak azaldu duenez, CCOOrekin eta UGTrekin adostu nahi izan dituzte greba deialdiak, baina "ezin izan da", nahiz eta lau sindikatuek egoeraren "azterketa bera egin".
Vidalek gogorarazi du apirilaren 20an Adegik "argi" adierazi zuela "egungo lan-hitzarmena ez duela gogoko eta kendu egin nahi duela", hala, ELAk eta LABek uste dute patronalak iritzia aldatzeko "mobilizazioak" egon behar direla.
Patronalak metalaren lan-hitzarmen berri bat proposatu du "lan egutegian, ordutegietan, mugikortasunean eta lan baldintzetan malgutasuna" lortze aldera.
Sindikatuek baztertu egin dute proposamen hori eta lan-hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dago egun.