Ekonomia -

Aldarrikapenak

Euskal sindikatuek lanpostuak sortzea eskatuko dute Maiatzaren 1ean

CCOO eta UGT sindikatuek manifestaldi bateratua egingo dute. Bestalde, ELAk ekitaldia eta manifestazioa egingo ditu Bilbon.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal sindikatuek Maiatzaren Lehena ospatuko dute gaur eta manifestaldiak egingo dituzte euskal hiriburuetan. Hala ere, krisi ekonomikoa dela-eta aldarrikapen amankomuna izango dute sindikatuek: Lanpostuak sortzea.

ELAk ekitaldia egingo du Bilbon eta Adolfo Muñoz sindikatuko idazkari nagusiak hitzaldia emango du. Ondoren protesta egingo dute Bizkaiko hiriburuko kaleetan.

CCOO eta UGT sindikatuek manifestaldi bateratua egingo dute Bilbon, ''Inbertsioa lanpostuak sortzeko/babes soziala bermatu'' lelopean. Bertan izango dira Unai Sordo eta Damaso Casado idazkari nagusiak.

Bestalde, LABek ''Langileen borroka aldaketaren indarra'' izango du lelotzat. "Langileek aldaketa sozialean aurrera egiteko nahikoa indar sozial eta politikoa" dutela uste du sindikatuak.

"Euskal Herrian inposatu duten eredu ekonomiko, sozial eta politikoarekin amaitzeko" beharra aldarrikatuko du LAB sindikatuak Iruñeko Gaztelu plazan hasiko den manifestaldian, 12:00etan.

LSB-USOk eta CGTk Bilbon antolatu dituzte protestak, ''Lana nahi dugu, etorkizuna nahi dugu'' eta ''Langabeziaren eta pobreziaren kontra, lan eta aberastasun banaketa'' lelopean, hurrenez hurren. Bien bitartean, CNTk manifestaldi eta mitin bat deitu ditu Bizkaiko hiriburuan.

Alderdi politikoen kasuan, CCOO eta UGT sindikatuen manifestaldian parte hartuko dutela iragarri dute PSEko eta Ezker Batuako ordezkaritzek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea