Ekonomia -

Apirileko datuak

Langabeziak behera egin du Euskadin eta Nafarroan

Bi lurraldeen kasuan, Estatuan (% 0,58) baino gehiago jaitsi da langabezia. Hain zuzen ere, % 2,77 egin du behera Euskadin, eta % 3,16 Foru Erkidegoan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enplegu Zerbitzu Publikoetan (INEM ohia) erroldatutako langabeen kopurua % 2,77 jaitsi da martxotik apirilera Euskadin. Hain zuzen ere, 3.825 pertsonak lortu dute lana, eta ondorioz, 134.000 daude une honetan lan bila, Lan Ministerioak gaur jakinarazi duenez.

Dena dela, duela urtebeteko datuekin alderatuta, langabezia % 9,98 hazi da, hau da, 12.189 pertsona gehiago.

Martxotik apirilera hiru lurraldeetan egin du behera langabeziak. Araban 219 pertsonak lortu dute lana (- % 1,07), eta guztira 20.225 langabe daude; Gipuzkoan 1.313 langabe gutxiago daude (-% 3,15), baina 40.366 ari dira lan bila; eta Bizkaian 73.709 daude INEM ohian erroldatuta, martxoan baino % 3,02 gutxiago, hots, 2.293 pertsona.

Nafarroan % 3,16 jaitsi da langabezia, eta hortaz, une honetan 42.372 pertsona daude lan gabe.

Estatuko datuak

Estatuko batez besteari dagokionez, langabeen kopurua % 0,58 jaitsi da martxotik apirilera.

Horrenbestez, gutira 4.142.425 pertsona daude orain lan bila. Martxotik apirilera 24.188k lortu zuten.

Aipatu iturrien arabera, eraikuntzaren, zerbitzuen ta industriaren sektoreetan lana sortu delako egin du behera langabezia-tasak.

Dena dela, iazko hilabete bereko datuekin alderatuta, langabezia hazi egin da, % 13,6 (497.545 pertsona), hain zuzen ere.

Maravillas Rojo Enpleguko idazkari nagusiak adierazi du langabeziaren jaitsiera "datu ona" dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea