Ekonomia -
Krisia
Zapatero:"Espainiak EBren laguntza behar duela esatea zorakeria da"
Burtsa espainiarraren jaitsiera bultzatu duen zurrumurrua salatu du Zapaterok, Espainiak 280.000 milioi euro behar dituela ezeztatuz.
Erredakzioa
Espainiak etorkizunean, Greziak bezala, Europar Batasunaren laguntza behar izatearen hipotesia "zorakeria ikaragarria" eta "izugarrizko burugabekeria" dela adierazi du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak.
Bruselan egindako prentsaurreko batean datuei eta jazoerei, eta ez espekulazioei, arreta jartzea exijitu du.
Burtsa espainiarraren jaitsiera bultzatu duen zurrumurrua salatu du Zapaterok, Espainiak 280.000 milioi euro behar dituela ezeztatuz.
Horrelako espekulazioak borrokatuko dituela adierazi ostean, lasai dagoela eta "kontu publikoen indarrean eta kaudimenean" eta ekonomia berreskuratzeko gaitasunean segurtasuna duela ziurtatu du.
Burtsek behera egin dute
Espainiako Burtsak beherakada sakona izan du gaur eguerdian, eta Ibex-35 adierazleak % 2,74 behera egin du (10.136 punturaino). Bankuek jasan dituzte gaurko beherakada garrantzitsuenak, tartean Santander eta BBVA.
Otsailetik pairatu duen daturik txarrena izan du Ibex-35ak. 10.000 puntuko erreferentziatik behera dago.
Inbertsoreen ustez, Greziako ekonomikoaren zailtasunak Espainiara ere iritsi daitezke.