Ekonomia -
Itxierak ArcelorMittalen
Kalte-ordainen proposamenari erantzungo dio Zumarragako zuzendaritzak
Sestaoko ACB altzairutegian berriz, langileek lantegia martxa bizian lanean jartzeko proposamena jarri zuten atzo mahai gainean.
Eitb.eus
Zumarragako Arcelorren arratsaldeko 16:00etan bilduko dira langile ordezkariak zuzendaritzarekin lantegian bertan.
Zumarragako langileei, birkokapenak direla-eta, ordaindu behar zaizkien kalte-ordainak eta aurretiazko erretiroak bideratzeko, aurrez langileek eginiko proposamenari erantzuna ekarri behar diote gaur bilerara enpresako buruek.
Ordu batetik hiruretara langileek elkarretaratzea egingo dute lantegian, eta, elkartasuna adieraziz, Estatuko gainerako lantegietan ere antzeko protestak egingo dituzte.
Sestaoko batzordearen proposamen berria
Sestaoko (Bizkaia) ACBko langile-batzordeak, berriz, lantegiaren jarduerari eusteko proposamen berri bat aurkeztu zuen atzo. Hilabetean 70.000-80.000 tona ekoiztea aurreikusten du egitasmoak, eta energiaren kontsumoa murriztea eta txatarrari eraginkortasun handiagoa ateratzea.
Proposamena atzo egin zuten publiko, ArcelorMittalek egitasmo industrialari (hilean bi asteburuz lan eginda 10.000 tona ekoitzi eta soldata % 15 murriztu) eusten diola ikusi ostean, batzordeak negoziazio mahaitik altxatzea erabaki eta biharamunean.
Batzordeak proposatzen duen egitasmoak kalitate altuko balio erantsiaren proportzioari eustea proposatzen du (% 45), 2020rako proportzioa % 100era igotzeko urratsak aurreikusita.
Arcelorrek euren proposamena onartuz gero, lantegia 2 astetan martxan jarri daitekeela. Baina akordiorik lortu ezean, eusko jaurlaritzari eskatu diote enpresa bere esku har dezala, erosle berri bat aurkitu arte.
Arcelorrek bere aldetik ez die itxaropen handirik eman langileei, proposamena aztertuko duela esan du, baina irmo jarraitzen du, eta berretsi du bere proposamena dela errentagarria den bakarra.