Ekonomia -
Transferentzia
Politika aktiboen akordioa "iraila baino lehen" sinatuko dute
Lurralde Politikako ministroak aurreratu duenez, negoziazioak "presa barik, baina gelditu gabe" egiten ari dira, akordioa "lehenbailehen" adosteko.
Erredakzioa
Manuel Chaves Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako ministroak ziurtatu du enplegu politika aktiboak Euskadiren esku uzteko akordioa "iraila baino lehen" iritsiko dela, eta EAJk negoziazioetan "interferentziak" egingo ez dituen itxaropena agertu du.
Gasteizen Europar Batasuneko, Latinoamerikako eta Karibeko Tokian Tokiko Gobernuen II. Foroan parte hartu eta gero, Chavesek azaldu du bi gobernuak "gogor negoziatzen" ari direla transferentzia gauzatzeko.
Ministroak gaineratu du akordioa "lehenbailehen" adostu nahi dutela, "hurrengo asteetan, edo hurrengo hilabeteetan gehienez jota", "iraila baino lehen" prest egon dadin.
Bere hitzetan, negoziazioa "zaila" da, eta akordioak Kontzertu Ekonomikoa eta Gernikako Estatutua "errespetatzea" du helburu.
Gobernuko hirugarren presidenteordeak PSOEk eta EAJk Espainiako Aurrekontuei buruz lortu zuten akordioa ere hartu du hizpide, eta politika aktiboen negoziazioan alderdi jeltzaleari ikuskapen ahalmena ematea adostu zutela aitortu du.
Transferentziaren atzerapenaz galdetu diotenean, Chavesek erantzun du hasiera batean ez zutela ondo zehaztu negoziazioen "zailtasuna".