Ekonomia -
Ezbeharra
Langile bat hil da Abanto Zierbenan izandako lan istripu batean
Ur-ponpa bat lehertu da El Campillo industrialdeko Emica Bombas enpresan, eta eztandak bete-betean harrapatu du 47 urteko behargina.
Agentziak | erredakzioa
Zallako 47 urteko gizonezko bat hil da gaur Abanto Zierbenako enpresa batean izandako lan istripu batean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Zorigaiztoko ezbeharra 08:05 aldera jazo da El Campillo industrialdeko Emica Bombas lantegian.
Enpresako iturriek jakinarazi dutenez, behargina ur-ponpa bati kalitatezko probak egiten ari zen, eta bat-batean eta oraindik argitu gabeko arrazoiak tarteko, eztanda egin du. Piezetako batek langilearen buruan jo du, eta bertan hil da. Osalanek ikerketa abiatu dute gertatutakoa argitzeko. Leherketa entzun duen herritar batek deitu du 112 telefonora. Larrialdi zerbitzuak heldu direnerako, baina, haren heriotza baieztatu besterik ezin izan dute egin.
ELA sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Emica Bombas enpresako langileek lanuztea egingo dute ostiralera arte. Horrez gain, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deituta, elkarretaratzea egingo dute ostegunean (11:00) lantegiaren atarian.