Ekonomia -

Defizitaren aurkako plana

Eskubide sozialak murriztea leporatu dio Rajoyk Zapaterori

Oposizioko alderdiek bat egin dute Gobernuko presidentea kritikatzean eta, krisiaren kontrako neurriei dagokienez, agintaldiko bi urte galdu dituela uste dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak defizit publikoa murrizteko hartuko dituen neurriekin "eskubide sozialak murriztuko" dituela leporatu dio Mariano Rajoy PPren buruzagiak gobernuburuari. Izan ere, presidentearen "gaitasun eza herritar espainiar guztiek", pentsiodunek eta etorkizuneko amek tarteko, ordainduko dutela salatu du.

Rajoyk esan du ez litzatekeela "horrelakorik gertatuko" Gobernuko presidenteak "neurriak denboraz hartu izan balitu" eta PPren aholkuak aintzat hartu izan balitu. Horrela, Europar Batasunak ez omen lioke zor publikoa murriztea "ezartzeko agindua emango", leporatu dio Rajoyk Zapaterori Diputatuen Kongresuan.

Hori dela eta, Gobernu espainiarrak popularrei giza eskubideak murriztea leporatu dieten arren, PPk inoiz ez duela Zapaterok gaur iragarri dituen adinako neurririk hartu gogorarazi du.

Rajoyren proposamena

Rajoyk "gaur arratsaldean bertan" neurri sorta bat adosten hastea eskaini dio Gobernuko presidenteari.

PPren buruzagiak honako proposamenak egin dizkio Zapaterori: hirugarren presidenteordea eta Berdintasun eta Etxebizitza ministerioak deuseztatzea; Hezkuntza eta Kultura ministerioak batzea alde batetik, Lan eta Osasun ministerioak batzea bestetik; diru-laguntzak berrikustea eta justifikaziorik ez dutenak kentzea, eta enpresa erakundeei, sindikatuei eta alderdi politikoetako elkarteei ematen zaizkien laguntzak kentzea.

Era berean, Estatuko Administrazio Orokorraren programak berrikustea eta egiturazko erreformak abiaraztea proposatu du.

Rajoyk berretsi du Gobernuko presidenteak "hiru egunetan" erabaki behar izan duela gastuak 15.000 milioi eurotan murriztea, eta hori "inprobisazioa" omen da. Gainera, Zapaterok iragan astean murrizketa "handirik ez" zuela egingo iragarri zuela azpimarratu du.

PPren buruzagiak "deskonfiantza" gehiago ez sortzeko eta Espainiako ekonomiaz dihardutenean "geldirik" dagoela esateko eskatu dio Zapaterori, izan ere, Estatuko ekonomiaren hazkundea eskasa izango dela ohartarazi du.

Dena dela, Rajoyk adierazi du kontuak "doitzea" ona dela ekonomiarengan konfiantza izateko, baina gogorarazi du Zapaterok "beti kontrakoa" esaten zuela eta orain konturatu dela "erratuta" zegoela.

Rajoyren ustez, Gobernuaren kudeaketa "akatsez, atzerapenez, inprobisazioz eta gaitasun ezaz" beteta egon da azken bi urteotan, eta hori "Espainiako herritarrek" ordainduko omen dute. Hala, Rajoyk Zapaterori leporatu dio eskubide sozialen murrizketaren ardura "osoa".

EAJ

Josu Erkoreka EAJren bozeramaileak esan du Gobernukopresidenteak iragarritako neurriak "gogorrak eta zorrotzak" direla eta publikoki egin dituen adierazpen asko "jan" egin beharko dituela.

Erkorekaren arabera, Zapateroren proposamenek kolokan jartzen dituzte "gastu publikoaren murrizpen eza eta diru partida batzuen aldaezintasuna".

EAJren bozeramaileak uste du irizpidea Parlamentuan ezarri behar zela, eta ez Bruselako bulego "ilun" batean teknokrata europar baten aginduz.

CiU

Josep Antoni Duran i Lleida CiUren bozeramaileak koherentzia eskatu die Kongresuko diputatuei, soldatak murritz ditzaten, "nahiz eta bi urte daramatzaten izoztuta".

Kongresuko agerraldian, Duranek esan du ezin direla funtzionarioen eta goi kargudunen soldatak murriztu diputatuek gauza bera egiten ez badute.

CiUren bozeramaileak esan du proposamenak aztertuko dituela "Gobernuari falta izan zaion Estatu ikuspegiarekin", eta Estatu itun bat eskaini dio merkatuetako deskonfiantza amaitzeko.

Hori dena dela eta, agintaldiaren bi urte alperrik galdu izana leporatu dio, eta denbora tarte horretan "arazo larriak ez direla bere kasa konpontzen" frogatu dutela esan du.

IU

Cayo Lara IUren koordinatzaile nagusiak, bere aldetik, salatu du Gobernuak "marra" gainditu duela iragarritako neurriekin, eta onartuz gero mobilizazio handiak izango direla ohartarazi du.

IUren buruzagiak uste du presidenteak iragarritako neurriek "doiketa handia" ekarriko dutela eta "ez dagozkiola sozialista den Gobernu bati".

Gainera, neurriak "sufrituko" dituztenak "behe mailako" herritarrak, pentsiodunak eta langileak, izango direla kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea