Ekonomia -
Iruzur fiskala
Aldundiek euren gardentasuna aldarrikatu dute
Iruzur fiskalaren aurkako borrokaren arloan egindakoa defendatu dute, EHUko hiru adituk gardentasun falta egotzi ondoren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek 4.648 milioi euro azaleratu zituzten 2011 eta 2015 urteen artean, iruzur fiskalaren aurkako borrokan, hau da, ia 930 milioi urtean batez beste.
Hiru foru erakundeek agiri bateratua kaleratu dute gaur, atzo Eusko Legebiltzarrean iruzur fiskalari buruz azalpenak eman zituzten EHUko katedradunei erantzuna emateko. Izan ere, iruzur fiskalaren aurkako borrokan aldundiak ez direla gardenak kritikatu zuten Ignacio Zubiri, Javier Fernandez-Macho eta Mari Carmen Gallastegui katedradunek. Gainera, erakundeek abiatutako neurrien eraginkortasuna ere zalantzan jarri zuten.
Hori horrela, erakundeek erantzun dute urtero iruzur fiskalaren aurkako planak diseinatzen dituztela, eta horietan irizpideak zehazten dituztela.
"Plan horiek Batzar Nagusietan aurkezten zaizkie gainerako alderdiei, eta hedabideetan eta erakundeon webguneetan publikatzen dira, hau da, edozein pertsonaren esku daude", azaldu dute.
Era berean, iruzurraren aurkako borrokaren emaitzak urtero-urtero Batzar Nagusietan aurkezten direla gaineratu dute.
Bestalde, aldundiek ez dute beharrezkotzat ikusten iruzurraren aurkako borroka koordinatzeko beste organo bat sortzea, egungo Iruzurraren Aurkako Batzordeak "zilegitasuna" duela uste baitute.
Ekonomia ezkutuari dagokionez, katedradunek zehaztu zuten EAEko BPGren % 17koa dela, eta aldundiek defendatu dute zenbaki hori Estatuko batez bestekoa baino "% 5 txikiagoa" dela.
Adituek euren neurrien eraginkortasuna zalantzan jarri dutela eta, erakundeek ez dituzte adierazpen horiek baloratuko, "iritzi pertsonalak" direla argudiatuta.