Ekonomia -
Defizitaren aurkako plana
Obamak txalotu egin ditu Zapateroren neurri "ausartak"
AEBetako presidentearen ustez, neurriak baliagarriak izango dira "Europako egoera ekonomikoa konpontzeko eta merkatuei konfiantza emateko".
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidenteak txalotu egin ditu Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko buruak defizita murrizteko iragarritako neurri "ausartak".
Hain zuzen ere, Michael Hammer herrialde hartako Segurtasun Nazionaleko Batzordeko bozeramaileak azaldu duenez, Obamak "ongietorria eman die Europako egoera ekonomikoa konpontzeko eta merkatuei konfiantza emateko Jose Luis Rodriguez Zapatero lehen ministroak iragarri zituen neurri ausartei".
Zapaterok agerraldia egin zuen asteazkenean Kongresuan, neurriok iragartzeko, eta bezperan Obamak telefonoz deitu zion.
Hamerren arabera, dei horretan "[AEBetako] presidenteak argi utzi zuen Espainiako buruzakiek baino ez dakitela zer komeni zaion Espainiari".
Halaber, bozeramaileak gaineratu du Obamak aitortu duela neurri horiek hartzea "zaila" dela, baina babes osoa agertu diela.
Zapaterok hamar neurri iragarri zituen asteazkenean, hala nola funtzonarioei soldata % 5 murriztea aurten eta guztiz izoztea 2011n; jaioberri bakoitzeko 2.500 euroko laguntza kentzea eta pentsioak ere izoztea.