Ekonomia -

EBAZPENA

Kutxabankek ezingo du 'zenbaki gorriengatik' komisiorik kobratu

Gasteizeko Merkataritza Arloko Epaitegiak epai aitzindari bat kaleratu berri du. Horren arabera, Kutxabankek bere bezeroei ezingo die 'zenbaki gorriengatik' inolako komisiorik kobratu.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kutxabank finantza erakundeak kreditu operazioetako eta kontu korrontetako kontratuetan 'zenbaki gorriengatik' 30 euroko komisioa kobratzeari utzi beharko dio aurrerantzean, epailearen aginduz. EKA/ACUV Euskal Kontsumitzaileen Alkarteak Kutxabanken aurka aurkeztutako 'amaitze-ekimen' bati erantzunez, Gasteizko Merkataritza Arloko Epaitegiak, ekainaren 17an kaleratutako ebazpenean, ebatzi zuen komisio hori bertan behera utzi behar zuela Kutxabankek, bezeroen eskubideak urratzen zituelako.

Gainera, epaiaren arabera, EAEn tirada handienetakoa duen hedabideren batean eman beharko du ebazpenaren berri Kutxabankek, bezeroak jakinaren gainean egoteko. Epaiketaren gastuak ere, finantza erakundeak ordaindu beharko ditu, eta 20 eguneko epean epaia betetzen hasten ez bada, eguneko 1.000 euroko isuna jaso dezake.

Bestalde, ebazpenean jasotakoaren arabera, 'zenbaki gorriengatik' komisioak ordaindu dituzten Kutxabankeko bezeroek diru hori itzultzeko eska dezakete. EKA elkarteak laguntza eskainiko die, dirua berreskuratu nahi duten guztiei.

Gainerako finantza erakundeei ere gauza bera egiteko eskatuko die EKA elkarteak, eta hala egiten ez badute, horien kontra ere auzitegietara joko duela ohartarazi du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank Ekonomia berriak Eguneko albisteak