Ekonomia -
EB-Txile goi-bilera
Murrizketek hazkundea egonkortuko dutela uste du Zapaterok
Espainiako gobernuburuak esan du lan erreforma dela orain haien lehentasuna. Europar Batasunaren eta estatu kide bakoitzaren ekimenek etorkizun ekonomikoa baldintzatuko dutela azpimarratu du.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak ziur agertu du iragan astean iragarri zituen neurriek hazkundea "egonkorrago" egingo dutela epe ertainean eta azpimarratu du Europar Batasunaren eta estatu kide bakoitzaren ekimenek etorkizun ekonomikoa baldintzatuko dutela.
EB-Txile goi-bileraren ostean emandako prentsaurreko batean, Zapaterok berretsi du beharrezkoa dela defizita murriztea, izan ere, "ez da bera bakarrik murrizten", eta "erabaki sinesgarriak eta ezartzeko modukoak hartu behar dira". "Horixe egingo dugu", azpimarratu du.
Hazkunde ekonomikoa gauzatzeko beharrezko erreformak "ere ez direla bakarrik egiten" azaldu ondoren, gobernuburuak esan du Gobernuaren lehentasun nagusia lan erreforma dela.
"Erreforma horiek hazkunde ekonomikoa epe ertainean gehiago egonkortzea ekarriko dute; EB moduan egiten dugunak eta herrialde bakoitzak egiten duenak datozen 20 urteotako etorkizun ekonomikoa baldintzatuko dute", gaineratu du.