Ekonomia -
Defizitaren aurkako plana
EAJ: "Espainiarako errezetek ez dute balio Euskadirako"
Jeltzaleen ustez, Euskadik bizi duen egoera ekonomikoa "ez da Espainiaren egoera ekonomikoa".
Erredakzioa
EAJren ustez, Espainian "defizit hirukoitza" ematen ari da, "defizit publikoa, ekonomikoa eta politikoa". Jeltzaleen ustez, une honetan, PSOE eta Zapatero "bakar bakarrik daude, arlo sozial, ekonomiko eta politikoan".
Ohar batean jakinarazi dutenez, EAJren EBBak bilera berezia egin du gaur, Euskadin eta Estatuan bizi den egoera ekonomikoari buruz.Egoera honen aurrean, EAJk "ardura osoz" jardungo duela agindu dute.
Espainiar Gobernuaren "konpromisoa" beharrezkoa eta "ezinbestekoa" dela esan dute EAJtik, "berreskuratze ekonomikoa bermatzeko behar diren besteko egiturazko erreformei ekiteko".
"Euzko Alderdi Jeltzalea ez dago ados pentsioak izoztearekin. Eta ezin dira inbertsioak sakrifikatu, bereziki Euskadirentzat diren AHT edo Pasaiako Portua. Gure aburuz, Euskadik gastua kontrolatzeko eta ekonomia bultzatzeko jarriko diren neurrien inguruko erabakiak hartzeko ahalmena izan behar du", gaineratu dute ohar berean.
Jeltzaleen ustez, Euskadik bizi duen egoera ekonomikoa "ez da Espainiaren egoera ekonomikoa". Horregatik, "Espainiarako errezetek Euskadirako balio ez dutela" adierazi dute. "Lopezek ezin ditu Zapateroren errezetak bereganatu".
EAJk lehendakari eskatu dio "espainiar errealitatetik baino, euskal errealitatearen arabera jardun dezala, eta Espainiarako neurriak baino, "Euskadik behar dituen neurriak aplikatzea".
"Lopezi eskatu nahi diogu ez dadila Zapateroren neurrietako letra txikia irakurtzera mugatu, baizik eta euskal errealitateari eta euskal erakundeetako errealitateari begira diezaiela. Ez dezala kopiatu eta ez dezala Zapaterok esaten duena egin".
Gaurko bileran, Estaturako zenbait neurri proposatu ditu EAJk, besteak beste, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoa berehala deitzea, Toledoko Ituna berehala deitzea, Gobernuaren egitura era nabarmenean murriztea, Estatuak Autonomia Erkidegotan dituen egiturak murriztea, Egiturazko erreformak ekonomia ekoizleari laguntasuna emateko,jarduera ekonomikoa eta lana sortzen duten inbertsioak bermatzea.
Euskadira begira, zenbait neurri ere proposatu dituzte: krisiari aurre egiteko Erakunde arteko Batzordea berehala deitzea, Herri Dirubideen Euskal Kontseilua berehala deitzea, Jaurlaritzaren zorpetzeari muga jartzea, inbertsio publikoa mantentzeko bermea, jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko edo Lopez Legebiltzarrean agertzea, egoeraren berri emateko.