Ekonomia -
Gobernu kontseilua
Eusko Jaurlaritzak ere aurrezte plana aurkeztuko du
Idoia Mendiak azaldu duenez, neurriek defizita murriztea eta lanpostuak sortzea izango dute helburu.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak aurrezte neurri propioak onartuko ditu krisiari aurre egiteko, Espainiako Gobernuarenak halabeharrez ezartzekoak izango badira ere.
Idoia Mendia bozeramaleak egin du iragarpena, Gobernu kontseiluan hartutako erabakien berri emateko eskainitako prentsaurrekoan.
Bileran egoera ekonomikoa eta gastuaren murrizketa izan dute hizpide batik bat, eta luze eman dute zeregin horretan.
Mendiak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza "laguntzeko" eta aurrezte plana abiatzeko prest dago, defizita murrizteko eta enplegua sortzeko helburuz.
Neurriak zeintzuk izango diren zehaztu ez badu ere, egoeraren araberakoak ez ezik, egiturazkoak ere onartuko dituztela aurreratu du. Bere esanetan, "hilabeteak" daramatzate jada neurriok prestatzen, gastua "asko" murrizteko.
"Euskadi ezin da esfortzu komunetik at geratu", gaineratu du Mendiak.
Lehendakariak iragarriko ditu
Bozeramaileak iragarri duenez, neurriak Patxi Lopez lehendakariak iragarriko ditu, Eusko Legebiltzarrean, Eudelekin eta Euskadiko hiru ahaldun nagusiekin batzartu eta gero.
Aipatu bilera hurrengo asteko lehen egunetan egin lezakete.
Gainera, Espainiako Gobernuak bere neurriak zehaztu arte ere itxaron nahi du Patxi Lopezek. Exekutibo Zentralak ostegunean azalduko du bere plana.
Arabaren erantzuna
Gai honi buruz, Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusiak (EAJ) esan du Zapaterok iragarritako neurrietako batzuk ezin direla EAEn aplikatu, "gure egoera ekonomikoa
Neurriak aplikatzen hasi aurretik, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoa deitzeko eskatu du Agirrek, ekienak aztertzeko eta negoziatzeko.
Hala ere, defizita murrizteko neurriak hartu behar direla onartu du jeltzaleak, baina Gobernuak iragarritako neurri batzuk "gogorrak eta bidegabeak" direla azpimarratu du.