Ekonomia -
Aire Garraioa
Bidaiarien NANa egiaztatu behar ez izatea eskatu dute airelineek
Horrela, bidaiari guztiak hegazkinean sartzeko prozesua azkartu egingo litzatekeela uste dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aire Garraio Konpainien Elkarte Espainiarrak (ACETA) sistema telematikoak ezartzea eskatu dio Espainiako Gobernuaren Sustapen Ministerioari, aire garraioaren funtzionamendua hobetzeko.
Halaber, aireportuei "baliabide egokiak" emateko deia egin du ACETAk, "zerbitzu guztiak modu eraginkorrean eskaini ahal izateko", batik bat udan eta segurtasun kontroleetan.
Airelineen ustez, bidaiarien NAN edo pasaportea egiaztatzeko beharra kentzeak 5 minutu azkartuko luke pertsona guztiak hegazkinean sartzeko prozesua.
Konpainien ordezkariak Ana Pastor Sustapen ministroarekin bildu dira arratsalde honetan, "udako denboraldiaren aurreikuspenak aztertzeko", ministroak berak eskatuta.
Besteak beste, airelinea hauek izan dira bileran: Iberia, Iberia Express, Vueling, Air Nostrum, Air Europa, easyJet, Ryanair, airberlin eta Norwegian.
Batzarraren ostean, Julio Gomez-Pomar Azpiegitura, Garraio eta Etxebizitza Estatu idazkarik adierazi du bilera "oso positiboa" izan dela. "Konpainia guztiak errefortzu zerbitzuekin lan egiten ari dira, eskariari aurre egiteko", gaineratu du.