Ekonomia -
69 milioi euro
Zerga bilketa metatua % 5 hazi da Gipuzkoan ekaina arte
Diru-sarreran eragin positiboa izan dute PFEZaren lan atxikipenak, BEZaren sarrerak eta zerga bereziek; PFEZaren eta Sozietateen gaineko Zergaren itzulketek ere behera egin dute.
Agentziak | Erredakzioa
Zerga bilketa metatua % 5 hazi da Gipuzkoan ekainaren 30a arte, aurreko urteko aldi berdinarekin alderatuta, 2015ean baino 69 milioi euro gehiago bildu baitira, Gipuzkoako Aldundiko Ogasun eta Finantza foru diputatu Jabier Larrañagak jakinarazi duenez.
Larrañagak emaitzen "irakurketa baikorra" egin du, eta urtea nola itxiko den jakiteko lehen gakoak emango dituztenak hurrengo hilabeteak izango direla nabarmendu du, Errentaren, Aberastasunaren eta Sozietateen gaineko Zergaren urteko kanpainen emaitzak orduan islatuko baitira.
"Bide onetik goazela dirudi, baina tentuz ibili behar dugu irakurketak egiterako orduan datu fidagarriagoak izan arte", adierazi du.
Ekaina arteko bilakaeran, diru-sarreran eragin positiboa izan dute PFEZaren lan atxikipenak, BEZaren sarrerak eta zerga bereziek, eta PFEZaren eta Sozietateen gaineko Zergaren itzulketek behera egin dute, gainera.
Balantzaren beste aldean, BEZaren itzulketak igo egin dira, ondare irabazien atxikipenak gutxitu eta Sozietateen gaineko Zergaren sarrerek ere behera egin dute.
Errentaren esparruan, lan atxikipenen atalean, 17,4 milioi euro gehiago (% 2,6) jaso ditu Gipuzkoako Ogasunak. Ondare irabazien atxikipenak eta kapital higikorraren etekinen atxikipenak, aldiz, bilakaera negatiboa izan dute: 17,9 eta 9,6 milioi gutxiago, hurrenez horren.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga bere osotasunean hartuta, emaitza positiboa da, iaz baino 16,2 milioi gehiago batu baitira (% 3,3).
Sozietateen gaineko Zergaren atalean, kuota diferentzial garbiaren sarrerak 11,3 milioi euro jaitsi dira, eta itzulketak, bere aldetik, 18,6 milioi gutxitu, 2015eko datuekin alderatuta.
Azkenik, Gipuzkoako Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua % 3,7 igo da, 2015eko datuekin alderatuta, hau da, 17,4 milioi gehiago bildu dira: 30,2 milioi gehiago batu dira (% 4,8), 17,9 milioi gehiago itzuli dira (% 6,2) eta lurraldeen arteko doikuntzak 5,2 milioi igo dira (% 4,3).