Ekonomia -

Zerga politikaren erreforma

Soldata handiak dituztenei zergak igotzea aztertzen ari da Gobernua

Zapatero presidenteak ziurtatu du balizko erreformak ez lukeela eraginik izango klase ertainetan, "herrialdearen zerga esfortzu gehiena" pairatzen baitute jada.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak aitortu egin du bere Exekutiboak zergak igo asmo dituela. Dena dela, bere esanetan, balizko erreformak ez du datarik oraindik eta soldata oso handiak dituztenei baino ez lieke eragingo.

Europar Batasunaren eta Andeetako herrialdeen arteko Vi. Goi-bileraren ostean eskainitako prentsaurrekoan azaldu duenez, erreforma gauzatzeko unea Gobernuak ezarri beharko du, egokien noiz ikusten duen arabera.

Dena dela, balizko erreformak ez lukeela klase ertainean eraginik izango ziurtatu du, "herrialdearen zerga esfortzu gehiena" pairatzen baitute jada.

Azken egunetan, haren Gobernuko ministro batzuek zalantza handia piztu dute honen inguruan, hainbatek balizko erreforma ukatu duten bitartean, beste hainbatek ez baitute baztertu.

Hori horrela, gobernuburuak aitortu egin du eztabaidaren interesa, baina gogorarazi du lehenik eta behin defizita murrizteko neurriak onartuko dituztela bihar.

Zapaterok gaineratu du Gobernuak ahalegin "handia eta zorrotza" eskatu diela langileei eta pentsiodunei defizita murrizteko eta Espainiari "sinesgarritasuna" emateko helburuz.

Zapaterok laguntza eskatu dio Urkulluri

Joan den larunbatean Zapaterok telefonoz deitu zion Iñigo Urkullu EBBko presidenteari, defizita murrizteko neurriak laguntzeko, jeltzaleen arabera.

Iturri berdinen arabera, Urkulluk ez zion Zapaterori ezer agindu, eta "erantzukizunez" jokatuko dutela erantzun zion.

Espainiako Gobernuak abian jarriko dituen neurriak zeintzuk izango diren eta EAEn izango duten eragina ezagutu nahi du ezer baino lehen Urkulluk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea