Ekonomia -
Cebek-en Batzarra
Zapateroren "kaosaren ondorioak ez onartzeko" eskatu du Bilbaok
Zapateroren herstura planak "nahasmena" sortzen du eta "krisi ekonomikoa gehiago areagotuko du", Bizkaiko diputatu nagusiaren hitzetan.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak sortutako "kaosaren ondorioak men eginez ez onartzeko" eskatu die euskal erakundeei Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak, eta "porrot egindako ereduei ez jarraitzeko" deia egin du.
Cebek Bizkaiko Enpresarien Konfederakundeak Batzar Orokorra egin du gaur, Bilbon, Euskalduna Jauregian. Bilbaoren ahotan, Zapateroren herstura planak "nahasmena" sortzen du eta "krisi ekonomikoa gehiago areagotuko du".
Bizkaiko diputatu nagusiak konparaketa bat egin du: "Txitxarra" Espainiako Gobernua, Euskadi "inurriarekin" alderatu du. "Kaosaren ondorioen aurrean inurriak ezin du men egin", azaldu du.
Bilbaoren hitzetan, "euskal erakundeek" eredu propioa "aurrera eramateko unea da, eskarmentuak egiaztatu duelako". "Otzanak ez" izatea eskatu du, eta "porrot egindako ereduei ez jarraitzeko" deia egin du. Zentzu horretan, eredu sozialistak "bere porrota eta eraginkortasun eza" demostratu ditu, Bilbaoren ustez.
Gainera, krisi ekonomikoa kudeatzeko garaian Zapaterok "bat-bateko jarduna" egin duela adierazi du Bilbaok, eta PSOEren Gobernua "jitoan dagoen itsasontzia" dela esan du, "kapitainak eta ofizialek euren postuak utzi dituztelako".
Euskal ekonomia ezberdina da
Horrez gain, euskal ekonomia ezberdina dela azpimarratu du, hemen etxeko lanak egin direlako. PSOEren Gobernuak Kontzertu Ekonomikoaren Legea "ezin du saihestu", diputatu nagusiaren ahotan, batzorde mistoak neurriak eta proposamenak egiteko eskumena baitu.