Ekonomia -
Defizitari aurre egiteko plana
Defizit publikoa murrizteko neurriak onartuko ditu gaur Gobernuak
Aurtengo eta datorren urteko Espainiaren defizita 15.000 milioi eurotan murrizteko konpromisoa hartu zuen duela bi aste Zapaterok Bruselan.
Erredakzioa
Defizita murrizteko Espainian azken urteetan izan den murrizketa sozialik handiena ekarriko duen plana onartuko du Ministroen Kontseiluak gaur dekretu bidez.
2001rako aurrekontuen gastua ere onartuko du gaur Zapateroren Gobernuak, eta ziurrenera ere murrizketa handia izango dute diru kontu publikoek.
Zor publikoa handitu izanak eta zor hori saltzeko zailtasunak, Greziako krisiak beste herrialdeak kutsatzeko arriskuak eta horrek guztiak diru merkatuetan sortu duen ezinegonak eraginda hartu du Espainiak, Europar Batasunak hala eskatuta, murrizketa plana abiatzeko erabakia.
Hain justu, duela 10 egun hartu zuen Zapaterok Bruselan 2010eko defizita 15.000 milioi eurotan, 2011kakoa 5.000 milioi eurotan eta 2012koa 10.000 milioi eurotan murrizteko konpromisoa.
Neurriak
Besteak beste, sektore publikoaren langileen soldatak batez beste %5 murriztea 2010ean eta 2011n guztiz izoztea, Gobernuko kideen soldatak %15 murriztea, pentsioen igoera bertan behera geratzea, datorren urtetik aurrera 2.500 euroko "haur-txekea" kentzea eta 2010 eta 2011 urteen artean Estatuko inbertsio publikoa 6.045 milioi eurotan murriztea jasotzen dute neurriok.
Oposizioko alderdi gehienak eta sindikatuak aurrez aurre izan ditu Zapaterok neurriak iragarri eta berehala. Sektore publikoan greba deitu dute sindikatuek ekainaren 8rako eta mobilizazioak eta greba orokorra egitea ere ez dute baztertu.
Sindikatuak, aurka
Funtzio publikoko sindikatuak izango dira kalera ateratzen lehenak. Estatuko hiriburu guztietan elkarretaratzeak egingo dituzte gaur soldaten jaitsieragatik protesta egiteko.
Funtzionarioek haserreari pentsiodunena gehitu zaio. Izan ere, pentsioen igoera bertan behera geratzea eta 2011n izoztea batean eta bestean kritikatu duten neurria izan da. PPk gogor kritikatu du neurri hori.
Zergen igoera
Neurriak egokienak ote diren eztabaidagai izan da Gobernuaren, alderdien eta sindikatuen artean. Zapaterok azken egunotan batzuen ahotan izan den zergen igoerari atera ireki zion atzo. Berehala izango ez bada ere, zergak igotzeko asmoa iragarri zuen, "gehien dutenei eragingo dien neurria" izango da.
Ekonomiaren ahultzea
Aurrekontuen murrizketak ekonomia ahulduko duela onartu zuen Zapaterok eta, horregatik, hurrengo urteko aurreikuspena hamarren batzuk jaitsiko dira.
Aberatsentzako zerga, bukatzear
Gobernua errenta altuentzako zerga berria garatzen ari da; hasiera batean, neurri hori ez dute gaurko Ministroen Kontseiluan onartuko.
Dena den, zergaren nondik norakoak argitu gabe daude oraindik; antza denez, milioi euro bat baino gehiago dutenek ordainduko lukete.
Atzo Zapaterok esan zuen "gehien dutenei" senperrena egiteko eskatuko zietela eta klase apalei ez diela eragingo agindu zuen.