Ekonomia -

Bilera

Egonkortasun Ituna gogortzea adostu dute EBko Ekonomia ministroek

EBko Ekonomia ministroek "adostasun zabala" lortu dute eta Egonkortasun Itunak ezartzen duen % 3ko defizitaren muga gainditzen duten Estatuei zigor gogorragoak jartzea erabaki dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egonkortasun Plana gogortzearen alde agertu dira gaur Europar Batasuneko Estatuak eta erakundeak. Era berean, konpromiso hori errespetatzen ez dutenen aurka zigorrak ezartzea nahi dute.

Horrela, Europar Batasuneko Ekonomia ministroek "adostasun zabala" lortu dute eta Egonkortasun Itunak (PEC) ezartzen duen % 3ko defizitaren muga gainditzen duten Estatuei zigor gogorragoak jartzea erabaki dute. Era berean, finantza-zigor berriak sortzea aztertu dute.

Euroaren etorkizuna bermatzeko lau lehentasun definitu dituzte EBko Ekonomia ministroek, eta lanak azkartzea erabaki dute, euroguneko arauak aldatzea aztertzen ari den lantaldean.

Europar Batasuneko herrialde eta erakundeen artean "bat eginik" ekiteko "premiazko" zentzu bat dago, Herman Van Rompuy Europako Batzordeko presidentearen hitzetan.

Ministroek, Van Rompuyrekin, Jean-Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidentearekin eta Olli Rehn Ekonomia komisarioarekin batera, lau helburu nagusi finkatu dituzte aho batez:

- Aurrekontuetan diziplina handiagoa. Egonkortasun Ituna gogortzea eta eraginkorrago egitea.

- Estatuen arteko lehiakortasun ezberdintasunak murrizteko neurriak bilatzea, "garapen orekatu bat izateko beharrezkoa delako", batez ere eurogunean, Van Rompuyk azaldu duenez.

- Krisiari aurre egiteko mekanismo eraginkor bat ezartzea, euroguneak bizi dituen arazoei aurre egiteko xedearekin.

- Euroguneko gobernu ekonomikoa sendotzea, batez erakunde mailan, EB "azkarragoa eta eraginkorragoa izateko".

Salgado

Van Rompuyren lantaldea Egonkortasun Ituneko alde prebentiboa sendotzeko ados jarri da, Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroak azaldu duenez.

"Zigorrak egonkortasun Itunean biltzen dira, baina alde prebentiboa indartu nahi dute", adierazi du Salgadok bilera amaitu ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea