Ekonomia -
Krisiaren aurkako neurriak
Diputazioek neurriak helaraziko dizkiote astelehenean Patxi Lopezi
Gastua murriztearekin, aurrezte publikoarekin eta inbertsioekin lotutako neurriak bultzatuko dituzte. EAJk ez du bere jarrera zehaztuko Gobernuaren lege dekretuaren xehetasunak ezagutu arte.
Erredakzioa
Foru Aldundiek berezko neurri ekonomikoak aurkeztuko dizkiote lehendakariari datorren asteleheneko bileran; Gastuaren murriztearekin, aurrezte publikoarekin eta inbertsioekin lotutako neurriak bultzatuko dituzte. Era berean, Euskadiren lehiakortasunaren aldeko ituna proposatuko diote.
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak prentsaurrekoa eman du Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ahaldun nagusiekin, zein Eudeleko presidentearekin ere, bildu ostean. Espainiako eta EAEko Gobernuak egiten ari diren krisiaren kudeaketarekin arduratuak daudela adierazi du Urkulluk. "Ezin gara zunda-baloien mende egon", esan du.
Euskadiri dagokionez, Patxi Lopezek Zapatero egiten ari den gauza bera egiten duela salatu du: "zunda-baloiak jaurti", hala nola, datorren asteleheneko bileran foru aldundiei proposatuko dizkieten aurrezteko neurriak.
Horren aurrean, foru aldundiek, "EAEko egoera ekonomikoa sakonki aztertu ostean", berezko neurriak aurkeztuko dizkiote lehendakariari. Neurriok gastuaren murriztearekin, aurrezte publikoarekin eta inbertsioekin lotura izango dute. Era berean, Euskadiren lehiakortasunaren aldeko ituna proposatuko diote.
Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak proposatutako murrizketa neurrien harira, Urkulluk esan du EAJk ez duela bere jarrera ezagutzera emango Gobernuaren lege dekretua ezagutu arte.