Ekonomia -
Greba eguna sektore publikoan
Sindikatuek %55eko jarraipena zenbatu dute, eta Jaurlaritzak %16koa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak esan du grebak ez duela esan "arrakasta handirik", baina sindikatuak pozik agertu dira.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak ziurtatu du Exekutiboaren egoitzetan lan egiten duten funtzionarioen % 16,3k egin dutela bat gaurko grebarekin, baina sindikatuek % 55era igo dute zenbakia.Greba ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta HIRU sindikatu abertzaleek deitu dute, Euskadiko eta Nafarroako sektore publikoan, Espainiako Gobernuak onartutako murrizketa neurrien aurka protesta egiteko.
Hori horrela, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du deialdiak ez duela "arrakasta handirik" izan, eta txalotu egin du langile publikoek erakutsi duten "erantzukizuna".
Beren aldetik, ELA, LAB, EILAS eta ESK zentralek "oso positibo"tzat jo dute grebaren jarraipena, eta Foru eta tokian tokiko administrazioetan % 75ekoa izan dela nabarmendu dute.
Osakidetza
Osasun zerbitzu publikoan, Jaurlaritzak esan du jarraipena % 5,28koa izan dela, baina sindikatuek % 60ra igo dute lehen mailako arreta zerbitzuan eta kritikatu egin dute zerbitzu minimoak "oso handiak" izan direla. Horrenbestez, langile askok greba egiteko zailtasunak izan dituztela salatu dute.
Osakidetzaren esanetan, Euskadiko ospitale nagusietan (Basurtu, Gurutzeta, Txagorritxu eta Donostia) eragin "eskasa" izan du grebak. Eusko Jaurlaritzak jaiegunetan bezala lan egitea ezarri du zerbitzu minimoetan.
Hezkuntza
Garraioa
Agiri batean, EuskoTrenek eta EuskoTranek nabarmendu dute "% 100ean" daudela lanean ohiko zerbitzuetan, hots, trenetan (Bizkaia eta Gipuzkoa), funikularrean (Larreineta-Trapagaran); tranbietan (Bilbo eta Gasteiz) eta autobusetan (Bizkaia/Bizkaibus eta Gipuzkoa/Lurraldebus).
Azaldu duenez, EuskoTreneko ELA, LAB eta ESK sindikatuek iragarri zuten ez zutela bat egingo gaurko grebarekin, eta hortaz, seguru aski zerbitzu guztiak "normal" eskainiko dituzte gaur.
Sindikatuek ez dute daturik eman.
Beste sektore batzuk
Eusko&' || 'nbsp;Jaurlaritzaren datuen arabera, Justiziaren sektorean jarraipena % 7,24koa izan da, eta Ertzaintzan % 13, 71koa.
Sindikatuen esanetan, EITBn langileen % 80k egin dute lanuztea Miramongo zentroan (Donostia), eta "zati handia" irratietan.
Manifestazioak eta kontzentrazioak
Goizeko lehen orduetatik, hainbat kontzentrazioa izan dira udaletxeen, Eusko Jaularitzaren, Aldundien, ospitaleen edo Hezkuntza ordezkaritzen aurrean.
Horrez gain, manifestazioak egin dituzte EAEko eta Nafarroako hiriburuetan, Bilbon, esaterako, milaka lagunek parte hartu dute martxan.
"Jendea oso haserre dago, soldata murrizketen eta lanaren suntsiketaren aurka agertu nahi dute eta honako da erantzuna", laburbildu du Izaskun Garikano ELAko Zerbitzu publikoetako arduraduna eta deialdiak izan duen erantzuna "oso positiboki" baloratu du.
"Sektore publikoa borrokan. Lanaren eta zerbitzu publikoen alde" leloa zeraman pankarta eta ikurriñak zein sindikatuen banderak eskuan, manifestariek Zapateroren doitze neurrien aurkako jarrera erakutsi dute Bilboko Kale Nagusian.
Halaber, Gasteizen, Donostian eta Iruñean manifestazioak egiteko deia egin dute.
Zapateroren neurrien eragina arintzeko euskal administrazioek "nahi baldin badute, aukera" dutela defendatu du Garikanok, baina "kontua da ez dagoela borondate politikorik". "Atzo bertan, haiek berauek zioten % 5 gutxituko zituztela soldatak eta bitarteko langileak lanik gabe utziko dituztela".
Zentzu horretan bat dator Arantxa Sarasola LABeko ordezkaria. Nahiz eta lehendakaria, ahaldun nagusiak eta Eudelek bilera egin duten, "ez dugu aldaketarik somatzen" baieztatu du.
"Agintari guztiek arlo sozialen murrizketak egin behar direla dute abiapuntu, baina gu ez gaude inola ere horrekin ados", ohartarazi du Sarasolak. Horren aburuz, "krisia gainditzeko guztiz kontrakoa egin behar da, egun guztiz urriak diren zerbitzu publikoak garatu behar dira eta gastu soziala handitu behar da".
GREBA, NAFARROAN
Nafarroako Gobernuak 7,57eko jarraipena zenbatu du sindikatu abertzaleek funtzio publikoan deitutako greban.
Goizeko txanda bukatu baino zertxobait lehen, 1.291 langile publikok lan egiteari utzi diote, Nafarroako Gobernuak jakinarazitako datuen arabera.
22.820 lagunek lan egiten dute Nafarroako funtzio publikoan; hala ere, horietatik, 5.767 (% 25,27) zerbitzu minimoak betetzeko zeuden, eta beraz, 17.053 ziren greba jarraitu ahal izan zezaketenak.
Bien bitartean, Iruñako Udalean dauden 1.690 langile publikoetatik 83k baino ez dute greba egin goizeko txandan: Hortaz, jarripena % 4,9koa izan dela ziurtatu dute; eta datuok arratsaldeko txandari (langile askoz gutxiago lan egiten dute) estrapolatuz, lanuzteak ez du ia eraginik izango.
Nafarroako sindikatu abertzaleentzat, greba "arrakastatsua" izan da gaurkoa. Bortzirietan, Malarrekan, Leitzan eta Basaburuan, udaletan eta zerbitzu publikoetan, lanuztea "erabatekoa" izan da. Eskualde horietako ikastetxeetan ere jarraipen altua nabarmendu dute sindikatuek.
LABen ustez, lanuztea "ia erabateakoa" izan da Sakanako udaletxeetan. Berriozarren % 80koa, Orkoienen % 50ko jarraipena eta Atarrabian %30ekoa.