Ekonomia -
Eusko Jaurlaritza
Halakoak dira gaurko greba egunaren gutxieneko zerbitzuak
Ospitaleek jaiegun batean bezala funtzionatuko dute eta garraio publikoan ohiko zerbitzuen % 30 eskainiko da, ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek Gobernuaren neurrien kontra deitutako greba egunean.
Erredakzioa
Garraio publikoan ohiko zerbitzuen % 30 eskainiko dute gaur eta irakaskuntza zentroek zabaldu beharko dute, Eusko Jaurlaritzak onartutako gutxieneko zerbitzuek hala ezartzen baitute, sindikatu abertzaleek Espainiako Gobernuaren murrizketa neurrien aurka gaur deitutako greba eguna-ren aurrean.
Osasuna
Osakidetzari dagokionez, ospitaletan jaiegunetan lan egiten duen pertsona kopuru bera egon beharko da eta dialisiak, tratamendu onkologikoak eta atzeratu ezin daitekeenak mantenduko dira. Lehen mailako arreta zerbitzuan, larunbatetan lan egiten duen pertsona kopuru bera egon beharko da lanean.
Halaber, larrialdi zerbitzuetan eta Etengabeko Arreta Guneetan (EAG) ehuneko ehunean lan egin beharko da.
Hezkuntza
Unibertsitatez kanpoko hezkuntzan zuzendaritza taldearen pertsona batek eta goizeko zein arratsaldeko txandan mendeko langile batek egin beharko dute lan.
Gainera, egun horretan azterketarik egotekotan, azterketa egingo duen pertsona bat egotea bermatuko da.
Euskal Herriko Unibertsitatean, azterketak egitea ere bermatuta egongo da. Haur hezkuntzako zentro bakoitzeko koordinatzaile bat egon beharko da.
Larrialdi zerbitzuak eta garraioak
Bestalde, larrialdietarako arreta zerbitzuetan (babes zibila, suhiltzaileak, SoS-Deiak, Euskadiko Trafikoaren Kudeaketarako Zentroa), eta Herrizaingoko komunikazioen eta informatika arloan jaiegun bateko langile kopuru bera egongo da.
Bidaiarien garraio zerbitzu publikoei dagokionez, zerbitzu arruntaren % 30 izan beharko dute lanegunetan.
EITB Euskal Irrati Telebostaren (EITB) kasuan, eguneroko albistegi zerbitzuak eskaini beharko dituzte bere ohiko ordutegian.