Ekonomia -
Gipuzkoako enpresa
Enigmedia, Europako zibersegurtasun kontseiluko kide
Gipuzkoako enpresak Europako zibersegurtasunaren garapen estrategian ahotsa izango du. Kontseiluko ordezko kide izendatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Enigmedia, komunikazioen pribatutasuna segurtatzen duen enpresa donostiarra, Europako zibersegurtasun erakundeko kooperazio kontseiluan (ECSO) parte hartzeko hautatua izan da. Merkatu digitaleko entitate publiko zein pribatu garrantzitsuenak osatzen dute erakunde hori.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, izendapen horri esker, Gipuzkoako enpresa honek Europako zibersegurtasunaren garapen estrategian ahotsa izango du, baita sektore honetan etorkizunean garatu behar diren hainbat neurrietan ere, ikerkuntzan, berrikuntzan eta inplementazioan esate baterako.
Enpresa gipuzkoar honek, bere hastapenetan, Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko Sailaren laguntza izan zuen, SPRIren bidez.
Bestalde, kontseiluko ordezko kide izatearen izendapena elkarteko kide guztien botoen bitartez egin dute. Honek, Enigmediak zibersegurtasun esparruan duen potentzialtasuna eta gailentasuna Europako entitate garrantzitsuen sostenguarekin babesten du.
Europako zibersegurtasun erakundeak irabazi-asmorik gabeko elkartea da. Belgikako legearen bitartez 2016ko ekainean sortu zen, eta denbora labur honetan 130 kide baino gehiago bildu ditu: elkarte handiak, enpresa txiki eta ertainak, startupak, ikerketa zentroak eta elkarte publikoak.
Halaber, Europako merkatu digitala babestea bilatzen duen erakunde honetan erabakiak hartzeko aukera izatea lortu duen Euskadiko lehenengo enpresa txikia izan da.
Gainera, Europako zibersegurtasunaren garapenean eta sustapenean laguntzea oinarri duten proiektuei babesa ematea du helburu. Enigmedia kontseilu honen kide izatea Euskadiko zibersegurtasun sektorearentzako albiste "garrantzitsua" da, beste enpresa askorentzako aukera berriak eskaini ditzakeelako.