Ekonomia -
Lan-gatazka Renfen
CCOOk eta CGTk % 84ko jarraipena zenbatu dute, eta Renfek % 15ekoa
Ez da istilurik izan eta gutxiengo zerbitzuak bete dira. Hala ere, atzerapenek bidaiari askori eragin diete. Enpresako zuzendaritzak "legez kanpokotzat" jo du greba.
Erredakzioa
Egun guztian, geltokietan, megafoniatik eta argibide tauletan jaso dute bidaiariek Renfeko grebaren berri. Sindikatuen hitzetan, langileen % 84k egin dute greba, enpresaren ustez, ostera, % 15ek.
CCOO eta CGT sindikatuek deitu dute 24 orduko geldialdia. Ez da istilurik izan eta gutxiengo zerbitzuak bete dira. Hala ere, atzerapenek askori eragin diete. Enpresako zuzendaritzak "legez kanpokotzat" jo du greba.
Puntako orduetan aldiriko trenak %75ean ibili dira, Bilbo, Santurtzi eta Muskizekin batzen duena esaterako, edo Irun eta Brinkola artekoa. Gainerako ordutegietan, erdira jaitsi da zerbitzua.
Bartzelonara, Vigora eta Salamancara doazen hiru tren kendu dira, eta lau Gasteiztik Iruñara eta Mirandara joateko.
Protesta
CGT eta CCOO sindikatuek 24 orduko grebara deitu dituzte Renfeko langileak garapen profesionalaren inguruan lotutako akordioaren kontra.
Deialdi horrekin, sindikatuek akordioaren kontrako jarrera erakutsi nahi dute, enplegua bermatzen ez duelakoan eta bidezkoa ez delakoan, langile guztiei eragiten ez dielako eta ez dituelako promozioak sustatzen.
Renfek, hala ere, lau trenetik hiru martxan izango zirela bermatu du, Sustapen Ministerioak ezarritako zerbitzu minimoak errespetatze aldera.
Zerbitzu minimoetan, Renfek batez beste trenen % 73 martxan izatea bermatu du AVEren eta ibilide luzeko trenen kasuan.
Renfek greba legez kanpokoa dela salatu du Auzitegi Nazionaleko Sozial Aretoan. Konpainia publikoak uste du ezin dela grebarik deitu lan-hitzarmen maila duen akordio baten kontra.
420.000 kaltetu
Renfek uste du grebak 420.000 inguru pertsonari eragin diela, trena egunero erabiltzen dutenen % 20ari.
Hala adierazi du behintzat Enrique Urquijo Bidaiarien saileko zuzendariak prentsaurreko batean. Urquijok zehaztu du grebaren eragina minimoa izan dela.
Urquijok esan du kaltetu gehienak Aldirien zerbitzukoak izan direla, 370.000 inguru, atzerapenengatik batez ere, ibilbide ertainekoetan 75.000 inguru eta AVEn 20.000.