Ekonomia -
Soziometroa
Lan merkatua da EAEko herritarren kezka nagusia
Terrorismoa da bigarrena hile honetan egindako inkestaren arabera. Bestalde, buruzagi politiko guztien nota gutxiegi izan da, eta Erkoreka eta Ezenarro izan dira balorazio onena (4,4) jaso dutenak.
Erredakzioa
Lan merkatua da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren kezka nagusia eta terrorismoa da bigarrena, Jaurlaritzaren maiatzeko soziometroaren datuetan agertzen denez.
Horren harira, hiru kezka nagusiak zeintzuk diren galdetuta, herritarrek lan-merkatuaz gain (76), indarkeria eta terrorismoa (31), arazo ekonomikoak (27), egoera politikoa (25), etxebizitza (22) eta immigrazioa aipatu dituzte.
Inkesta horren arabera, egoera ekonomikoa txarra edo oso txarra dela diote herritarren % 65ek. Baina Espainiakoa okerragoa dela uste dute ia denek, % 91ek hain zuzen ere.
Krisiari aurre egiteko erakunderik eraginkorrena, berriz, Madrilgo Gobernua izan daitekeela uste du 10etik batek.
Kontrakoz, % 6k soilik uste du Espainiako ekonomia egoera onean edo oso onean dagoela, baina EAEren kasuan % 33ra igotzen da portzentaia hori.
Etorkizunari begira, inkesta erantzun dutenen % 43k uste dute egoera ekonomikoak bere horretan jarraituko duela datozen hamabi hilabeteetan EAEn, % 34k uste dute hobetu egingo dela eta % 17k okerrera egingo duela.
Agintari politikoen nota: gutxiegi
Datozen hauteskunde autonomikoetan PSE-EEri botoa emateko asmoa dutenen kopuruak behera egin du % 0,9, PPri % 0,3 gehiagok emango lioke botoa, EAJri % 0,2 gutxiagok, Aralarri % 1,4 gutxiagok, EBri % 0,4 gutxiagok, EAri % 0,1 gutxiagok eta UpyDri % 0,1 gehiagok.
Soziometroan buruzagi politikoei buruz ere galdetu diete. Ezagunena Patxi Lopez lehendakaria da (% 98), gero Antonio Basagoiti (PP) dator % 80rekin, Iñigo Urkullu (EAJ) herritarren % 76k ezagutzen dute, Josu Erkoreka (EAJ) % 49k eta Aintzane Ezenarro (Aralar) % 46k.
Balorazioari dagokionez, politikari guztiek gutxiegi atera dute. Josu Erkoreka eta Aintzane Ezenarro (4,4) dira nota onena atera dutenak, Iñigo Urkulluren (4,3) eta Patxi Lopezen (4,2) aurretik.
Inkesta erantzun dutenen % 55k uste dute Euskal Herriko egoera politikoa txarra edo oso txarra dela, duela zortzi hilabete baino % 12 gutxiagok.