Ekonomia -

Negoziatzen jarraituko dute

Akordiorik gabe bukatu da Lan-erreformari buruzko bilera

Sindikatuek, patronalak eta Gobernuak negoziatzen jarraituko dute datozen egunetan. Salgadok adierazi du akordiorik lotzen ez badute, Gobernuak onartuko duela lan erreforma uztaila aurretik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak patronalarekin eta sindikatuekin lan-erreformari buruz gaur egin duen bilera akordiorik gabe amaitu da beste behin ere, baina hiru aldeek datozen egunetan negoziatzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute, negoziazio prozesuko iturriek jakinarazi dutenez.

Aipatu iturrien arabera, Ignacio Fernandez Toxo CCOOren idazkari nagusiak, Candido Mendez UGTrenak, Gerardo Diaz Ferran CEOE patronalaren presidenteak eta Celestino Corbacho Lan eta Immigrazioa ministroak parte hartu dute gaurko bileran.

Gaur amaitu da lan-erreformaren negoziazioari Gobernuak jarritako epea, baina Gobernuak erabaki du egun gehiago emango dizkietela sindikatuei eta enpresariei adostasunera hel daitezen.

Dena den, Elena Salgado ekonomia presidenteordeak adierazi duenez, Gobernuak "epe motzean" onartuko du lan-erreforma, ekaina amaitu baino lehen betiere.

Gobernuak eta sindikatuek akordioa lortzeko zailtasunak azpimarratu dituzte; hori dela eta, Gobernuak talde parlamentariekin lan-erreforma lege-dekretuz garatzeko aukera gero eta gertuago dago.

Ildo horretan, Gobernuak ekonomiaren sustapenerako beharrezko neurriak abian jarriko dituela esan du Salgadok.

Bestalde, Gobernuaren lehentasunak orain kutxen eta lan-merkatuaren erreformak direla esan du; "joan den ostiralean Fitch agentziak egindako ohartarazpenari jarraituz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea