Ekonomia -
Batzorde ekonomikoa
Zerga-sistemari buruz gogoeta egitea proposatu du Aholku Batzordeak
Aholku organoak bigarren bilera egin du eta azken hiru hilabeteetan lanean izan diren bi batzordeen ondorioak aztertu ditu.
Erredakzioa
Ongizate eredua eguneratzearen garrantzia azpimarratu du gaur Patxi Lopez lehendakariaren Ekonomia Gaietarako Aholku Batzordeak, finantza publikoen jasangarritasuna bermatu behar delako, zerga-sistemari buruz gogoeta serio eta sakona eginez.
Aholku organoak bigarren bilera egin du gaur Gasteizen, eta azken hiru hilabeteetan lanean izan diren bi batzordeen ondorioak aztertu ditu. Enpresa handietako zuzendariek, ekonomia katedradunek eta eskarmentu handiko politikariek osatzen dute batzordea.
Gainera, aurrezteko eta gastu publikoa murrizteko Eusko Jaurlaritzak atzo onartu zituen neurrien berri eman die aholkulariei lehendakariak, Lehendakaritzak komunikatu baten bidez jakitera eman duenez.
Euskal sektore estrategikoen etorkizuna aztertzeko sortu zuten Batzordeak datorren urteetan izango diren erronkak aurkeztu ditu. Zerga-sistemari buruz egin beharreko hausnarketaz gain, EAEk "erronka demografikoari egin beharko dio aurre", eta "giza baliabideak immigraziotik eskuratu beharko ditu".
Era berean, "euskal etorkizunaren lehiakortasuna" aztertzeko taldeak erronkak planteatu ditu. Aurrekoak egin bezala, piramide demografikoa kudeatzeko beharra nabarmendu du Batzordeak.
Lan-harremanen eredu berria
Lan-harremanen eredu berri bat bultzatzearen aldeko apustua egin du taldeak, Euskadi energia kudeaketaren erreferentzia izateko, kontu publikoen jasangarritasunaren eta administrazioaren arrazionalizazioaren bidez.
"Gizartea berri bat jaiotzen" ari dela uste du lehendakariak, 2030eko Euskadi, alegia, "talentuaren metropolia".