Ekonomia -
Lan Eskaintza Publikoa
Jaurlaritzak LEPa iragarri du Lanbide Heziketan 2017rako
Hezkuntza Sailak urte amaieran zehaztuko du zenbat lanpostu eskainiko diren, baina duela urtebeteko deialdian adina postu izan daitezke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketako irakasleentzako Lan Eskaintza Publikoa (LEP) iragarri du 2017ko udarako. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak egin du iragarpena 2016-2017 ikasturtearen hasierako ekitaldian.
Uriarte sailburuak azaldu duenez, Hezkuntza Sailak urte amaieran zehaztuko du zenbat lanpostu eskainiko diren; alabaina, duela urtebeteko deialdian adina postu izan daitezkeela aurreratu du. Hala ere, onartu du Espainiako Gobernuak jarritako mugek eskainitako lanpostu kopuruan eragina izango duela.
Lanbide Heziketak egungo egoera ekonomikora egokitzeko egin dituen aurrerapenak nabarmentzeaz gain, matrikulazio kopurua % 5 igo dela adierazi du. Bestalde, Lanbide Heziketako ikasleek azken urtean 617 enpresa sortu dituztela eta horietatik 4tik 3k oraindik zabalik jarraitzen dutela azpimarratu du.
Gainera, Lanbide Heziketa dualaren (ikasketak eta praktikak uztartzen dituena) garrantzia goraipatu du. Hezkuntza Sailak zabaldutako datuen arabera, iaz % 75 egin zuen gora eta aurten, berriz, % 80 inguru. 2016-2017 ikasturtean 1.300 ikaslek praktikak egingo dituzte 739 enpresatan, aurreko ikasturtean baino % 56 gehiago.