Ekonomia -

Saioa Kongresuan

Zapatero, Administrazioaren egitura murrizteko prest

Espainiako Gobernuko presidenteak ziurtatu du Ministerio eta goi-kargudun kopurua murriztuko duela Kongresua izapidetzen ari den eskaerak aurrera egiten badu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea Administrazioaren egitura "arrazionalizatzeko" prest agertu da gaur. Dena dela, legea aldatzen ez bada, eskuduntza gobernuburuarena dela gogorarazi du.

Zapaterok Kongresuan egin ditu adierazpenak, Gobernuaren kontrolerako saioan, Mariano Rajoy PPko buruari erantzunda. Izan ere, Ministerioen eta goi-kargudunen kopurua murrizteko Ganberak egindako eskaerak zergatik ez dituen bete galdetu dio hark.

Kongresuaren osoko bilkurak lau aldiz eskatu dio Gobernuaren haren egitura murriztea, eta une honetan lege proiektu bat izapidetzen ari da, Exekutiboan 14 Ministerio eta bi Presidenteordetza baino ez egoteko (une honetan 17 Ministerio eta hiru Presidenteordetza ditu).

Zapaterok ziurtatu du bete egingo duela proposamena Kongresuak onartzen badu, "joko arauen aldaketa nabarmena" bada ere, eta ez du baztertu neurri gehiago abiatzea Estatuko Administrazioa arrazionalizatzeko. Dena dela, "seriotasuna" exijitu dio Rajoyri gai honetan.

Bere esanetan, murrizketak Administrazio guztietan egin behar dira, hots, erkidegoetan eta udaletan ere.

Bere aldetik, Rajoyk berretsi egin du galdera: "Jaramon egingo diozu Ganbera honek esaten dizunari? Esan argi eta garbi, denok jakin dezagun zenbat balio duten gure botoek".

Bere esanetan, 22 ebazpen daude bete gabe, besteak beste Administrazioaren gastuak murriztea eskatzen duena; goi-kargudunen kopurua % 25 murriztea eskatzen duena eta Kultura, Etxebizitza eta Berdintasun Ministerioak kentzea eskatzen duena.

"Erantzun soziala" krisiaren aurrean

Saioaren beste une batean, Gaspar Llamazares IUko parlamentarioak murrizketa neurrietan atzera egingo duen galdetu dio Zapaterori, eta hark erantzun du erantzun soziala eman nahi diotela krisiari, eta ez demagogikoa.

Gobernuburuak nabarmendu du azken sei urteetan % 50 handitu dutela gastu soziala, eta orain % 0,5 baino ez dutela murriztuko.

Bere aldetik, lehentasuna enplegua izan beharrean, defizita izatea egotzi dio Llamazaresek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea