Ekonomia -

Lan-erreforma

CCOO eta UGT: 'Gobernuak ez badu aldatzen greba orokorra egongo da'

Gobernuak proposatutako lan-erreforman langileen eskubideei "kalte" egiten zaiela esan dute sindikatuetako agintariek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernuak proposatutako lan-erreforman langileen eskubideei "kalte" egiten zaiela esan dute Ramon Gorriz eta Toni Ferrer CCOO eta UGT sindikatuetako Ekintza idazkariek. Horregatik, testua aldatu ezean greba orokorra izango dela ohartarazi diote Exekutiboari.

Adierazpenak Lan Ministerioan emandako prentsaurrekoan egin dituzte Gorrizek eta Ferrerrek. Gobernuaren proposamenarekin behin betiko testua jaso dute sindikatuek arratsaldean, Alfonso Moron Elkarrizketa Sozialeko koordinatzaile nagusiaren eskutik.

Hasieratik, greba orokorra langileen eskubideen "urraketarekin" lotu dutela gogorarazi dute sindikatuetako agintariek.

Orain, Gobernuak egindako proposamenarekin langileen kontrako erasoa gauzatu dela azaldu dute sindikatuek, izan ere, lan-erreformak kaleratzeak merkatuko ditu eta enpresariari "botere gehiago" emango dio, langileen baldintzak aldatzeko aukera emanez.

Ferrerren hitzetan, greba orokorra deitzeko "atzo baino arrazoi gehiago" daude Gobernuaren agirian.

Ministroen Kontseilua izan arte

Hala ere, Gobernuak ekainaren 16an proposamena Ministroen Kontseiluan onartu arte grebarik ez dutela deituko esan dute sindikatuek.

Bien bitartean, sindikatu bakoitzeko organo nagusiak asteartean bilduko direla gogorarazi dute Gorrizek eta Ferrerrek. Egun horretan bi sindikatuen behin betiko jarrera ezagutuko da Gobernuaren lan-erreformaren aurrean.

Exekutiboaren dokumentuak "patronalaren inspirazio argia" duela azpimarratu du Ferrerrek, CEOEk horregatik ez du erreforma negoziatu izan nahi.

Esan dutenez, gazteen langabezia, behin-behinekotasuna eta aldizkako kontratu finkoak ahaztu ditu Gobernuak proposamenean.

CEOE

Bestalde, lan-erreformaren behin betiko dokumentuaren balorazioa datorren asteko hasieran jakinaraziko dio CEOEk Gobernuari.

Jose de la Cavada CEOEko lan departamentuko zuzendariak arratsaldean jaso du dokumentua eta asteburuan aztertuko dutela iragarri du.

Patronaleko iturriek jakinarazi dutenez, datorren asteko "astelehenean edo asteartean" balorazioaren berri emango diote Lan Ministerioari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea