Ekonomia -
Nazioarteko Diru Funtsa
Espainiaren herstura neurriak 'oso eraginkorrak' direla esan du NDFk
Defizit publikoa murrizteko martxan jarritako neurriak "oso erabilgarriak" izango direla adierazi du Strauss-Kahnek, eta "datozen bi hamarkadetako hazkundearen oinarriak ezarriko dituzte".
Erredakzioa
Espainiako Gobernua babestu du gaur Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) zuzendari gerenteak, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak krisiari aurre egiteko eta ekonomia hazteko hartu dituen herstura neurriak "oso eraginkorrak" izango direla erantsi du NDFko buruzagiak.
Strauss-Kahn Zapaterorekin bildu da gaur Moncloako Jauregian. Exekutiboko presidenteak Espainiako egoera ekonomikoaren berri eman dio NDFko agintariari eta Strass-Kahnek hartutako neurriei babesa eman die.
EBko herrialdeek Espainiako kaudimena defendatu zuten atzo Kontseilu Europarrean. Krisiaren aurrean Zapaterok hartutako erabakiak txalotu ditu gaur NDFko buruzagiak eta lan-erreforma indarrean sartzea goraipatu du. Strauss-Kahnek azaldu duenez, erreforma "norabide egokian doa" eta lan-merkatu eraginkorrago bat izateko "oinarrizkoa eta erabakigarria" da.
Hazteko gaitasuna
Gainera, Espainiako ekonomiak hazteko duen "gaitasun handia" azpimarratu du Strauss-Kahnek. Defizit publikoa murrizteko martxan jarritako neurriak "oso erabilgarriak" izango direla eta "datozen bi hamarkadetako hazkundearen oinarriak ezarriko" dituztela adierazi du,
Bestalde, "Espainiak krisia energiarekin eta sendotasunarekin gainditzeko" neurri guztiak martxan jartzeko konpromisoa hartu du Zapaterok, eta defizit publikoa murrizteko neurri gehiagorik hartuko ez duela baieztatu du.