Ekonomia -
Protesta Gasteizen
Greba Michelinen, laneko 'prekarietatea'ren kontra
ELA eta LAB sindikatuek bat egin dute Ferroser azpikontratak egindako deialdiarekin. Urriaren 27an enpresa horretako langile bat hil zen.
agentziak | erredakzioa
Ferrovial Servicios-Metal enpresako langileen batzordeak deituta, eta ELA eta LAB sindikatuek babestuta, 24 orduko greba dago deituta Gasteizeko Michelinen lantegian. "Prekarietateak" eta "formakuntza faltak" urriaren 27an hildako langilearen istripua eragin zutela salatu nahi du protestak.
Egun horretan, Ferroser (Ferrovial Servicios) enpresan lan egiten zuen 40 urteko gasteiztar bat hil zen, pisu handiko pieza bat gainean erorita.
Ferroserreko enpresa batzordea pozik agertu da grebak goizeko txandan izan duen jarraipena, langile "gehienek" egin baitute bat. Gainera, Michelingo hainbat sektoretan ekoizpena "jaitsi edo eten" egin dela gaineartu du, Ferroserreko langilerik ez zegoelako.
Sindikatuetako iturriek nabarmendu dutenez, hiru hilabeteko epean bi langile hil dira, eta bi kasuetan Michelinek azpikontratatutako enpresetako langileak izan direla.
Enrique Garoña Ferroser-Metaleko langileen batzordearen presidenteak heriotzak lan-baldintza prekarioekin eta lan-osasunaren esparruan dagoen formakuntza faltarekin lotu ditu ezbeharrok.
"Ez dago formakuntza espezifikorik lanpostuetan. Jendea ilusio handiarekin dator lan egitera Michelinera, baina kasu askotan ez dakite zer egiten ari diren", azaldu du Garoñak Efe agentziaren kazetarien aurrean.
Era berean, salatu duenez, Ferroserren langileen batzordeak Arabako Batzar Nagusietan hitz egitea eskatu du, heriotzak salatzeko, eta alderdiei Michelineko eta Ferrovial Servicioseko arduradunak ere deitzea eskatu diete.