Ekonomia -
Uztailaren 1etik aurrera
Arabako Portu Lehorrak Bilboko Portuko salgaiak hartuko ditu
Salgaiak Bilboko Portuan hartu eta Gasteizko Jundizeko industrialdera eramango dituzte trenez. Bertan horiek kamioietan banatu eta bukaerako helbidera eramango dituzte.
Erredakzioa
Bilboko Portua, Jundizeko industrialdean kokatutako Arabako Portu Lehorrera iritsiko da uztailaren 1etik aurrera.
Gasteizko salgaien garraiorako gune logistiko berriak Bilboko Portutik datozen trenak hartuko ditu. Urtean milioi tona salgai garraiatzea aurreikusi dute eta egunero, 750 metroko tren batek Bilbotik Gasteizera bidaia egingo du.
Proiektuaren aurkezpenean Ernesto Gasco Garraio sailburuordeak azaldu duenez, salgaiak Santurtzin hartu eta Gasteizko industrialdera eramango dituzte trenez. Bertan horiek kamioietan banatu eta bukaerako helbidera eramango dituzte.
Gasteiz, "Bilboko Portuko Mediterraneorako atea"
Bilboko Portuko salgaien % 1,5 trenez garraiatzen dituztela gogorarazi du Gascok eta horregatik, portu lehor horren garrantzia azpimarratu du. Azpiegitura hori "Arabako, Bizkaiko eta Euskadiko garapen ekonomikorako urrats oso garrantzitsua" dela azpimarratu du Garraio sailburuak, eta horrela, Gasteiz "Bilboko Portuko Mediterraneorako atea" dela gaineratu du.
Eusko Jaurlaritzaren, Euskotrenen eta Bilboko Portuaren arteko elkarlan hitzarmenaren emaitza da Arabako Portu Lehorra. Eustrenek, gainera, RENFErekin akordioa egin du eta horrela, azken horrek trakzioa eta plataformak utziko dizkio.