Ekonomia -
Gipuzkoako Batzar Nagusiak
EAJk eta PSE-EEk Gipuzkoako 2017ko Aurrekontuak onartu dituzte
PPk abstentziora jo du eta EH Bilduk eta Ahal Duguk, berriz, kontrako botoa eman dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJk eta PSE-EEk Gipuzkoako 2017ko Aurrekontuak onartu dituzte gaur Batzar Nagusietan egindako osoko bilkuran. Gaurko bozketan, PPk abstentziora jo du eta EH Bilduk eta Ahal Duguk, berriz, kontrako botoa eman dute. Bi alderdi horiek Foru Gobernua kritikatu dute.
Jeltzaleek eta sozialistek gehiengoa dute Batzar Nagusietan, eta, beraz, bi alderdi horien babesa nahikoa zen 2017ko aurrekontu orokorren proiektuari argi berdea emateko. Dena den, 'popularrek' abstentziora jo dute.
Gaurko osoko bilkuran ez da ezustekorik izan. Duela hamar egun, EH Bilduk eta Ahal Duguk aurrekontuen proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak baztertu egin zituzten.
Beraz, Gipuzkoak 838 milioi euroko aurrekontua izango du heldu den urtean, 2016an baino 25 milioi euro gehiago.