Ekonomia -

% 18ra igo da tasa orokorra

BEZ zerga bi puntu handiagoa da

- Familia bakoitzari 300 bat euro garestituko zaio bizimodua urtean.

- Oinarrizko produktuen prezioak ez dira igoko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaurtik aurrera indarrean ezarri da BEZ zergaren igoera. 2010ko Estatuko Aurrekontuetan Zapateroren Gobernuak aurreikusitako igoera da, eta zerga %18ra eramango du (orain arte % 16an zegoen). BEZ murriztuak ere puntu bateko igoera izango du, eta % 8ra helduko da.

Horri esker Espainiako Gobernuak 5.000 miloi eurotik gora biltzea espero du urtebetean. Hala ere, kontsumo-elkarteek egindako kontuen arabera, familia bakoitzari 300 bat euro garestituko dio bizimodua igoera honek.

BEZaren maila orokorra produktu eta zerbitzu guztietan aplikatu egiten da. Etxetresna elektrikoetan, jantzietan, oinetakoetan, tabakoan, brikolajean, iturgintzan eta ibilgailuetan, besteak beste, eragina izango du igoerak.

Elektrizitatean, erregaietan, gas naturalean eta butanoan ere eragina izango du. Azken hilabeteetan jasan dituzten igoerei BEZaren hazkundea gehitu beharko zaie bihartik aurrera.

Urtarrilean elektrizitatea % 2,6 igo zuten, eta 2009an, % 5. Erregaiek % 7,8ko hazkundea izan dute urtarriletik hona eta gasolioak, berriz, % 11,3koa.

Bestalde, BEZ murriztua % 7tik % 8ra igoko da. BEZ murriztuak elikagaietan, bidaiari garraioan, ostalaritza zerbitzuetan, ikuskizunetako sarreretan, hileta-zerbitzuetan, ile-apaindegietan, dentistan, eraikinetan eta etxebizitzetan, besteak beste, izango du eragina.

Hala ere, BEZaren igoera gehien nabarituko duen sektorea turismoa izango da, batez ere bidaiek, ostatuek eta ostalaritzak pairatuko dituzten hazkundeak direla medio.

BEZ oso murriztua, azkenik, lehen mailako elikagaietan (ogia, esnea, fruta eta barazkiak), babes ofizialeko etxeetan, sendagaietan eta zenbait kultura-produktuetan aplikatu egiten da (liburuak, aldizkariak eta egunkariak). Zerga hau % 4ean mantenduko dute.

BEZaren igoerak 26 milioi hiritarrengan izango du eragina, Ogasun teknikoek egindako kalkuluen arabera.

Aldeko eta kontrako jarrerak

Iazko irailean iragarri zuen Espainiako Gobernuak igoera, baina uztailera arte atzeratu zuen indarrean jartzeko unea. Helburua, ekonomiari eta kontsumoari errekuperazioa finkatzeko tartea ematea.

Erabaki honek eztabaida sutsua ekarri du. Iragarri zenetik, eta joan den astera arte kritika ugari jaso ditu Gobernuak. Izan ere, PP neurri hau indargabetzen saiatu zen joan den astean, Madrilgo Kongresuan.

Beste herrialde askok ere igo dute

Zapaterorena ez da neurri hau indarrean jartzea erabaki duen Gobernu bakarra. Letoniak edo Lituaniak, adibidez, iaz igo zuten BEZa. Greziak, Erresuma Batuak eta Portugalek, berriz, 2010ean erabaki dute igoera egitea.

Nahiz eta igoera aplikatu, Espainiakoa Europako BEZetatik txikienetarikoa da. Altuenak, Suedia eta Danimarkakoak dira (% 25).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea