Ekonomia -
2017rako aurrekontua
EAJk eta PSE-EEk Bizkaiko 7.394 milioiko aurrekontua onartu dute
EH Bildu, Podemos eta PP alderdiek errefusatu egin dituzte kontuak, eta Arturo Aldecoa Talde Mixtoko ahaldun bakarra abstenitu egin da.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkurak, EAJren eta PSE-EEren gobernuaren babesarekin, 2017rako 7.394 milioi euroko aurrekontua onartu du, 2016an baino % 0,6 gutxiagokoa.
Gernikako Batzar-etxean egindako saioan, EH Bildu, Podemos eta PP alderdiek errefusatu egin dituzte kontuak, eta Arturo Aldecoa Talde Mixtoko ahaldun bakarra abstenitu egin da.
Aurrekontua 583 zuzenketa partzialen aurkezpenaren ostean atera da aurrera: 11 gobernu taldekoak, 196 PPrenak, 143 EH Bildurenak, 136 Podemosenak eta 97 Talde Mixtokoak. Horietatik EAJren eta PSE-EEren 11 eta PPren 1 babestu dituzte; eta transakzio-moduan Talde Mixtoaren 7 eta EH Bilduren 3.
Jon Andoni Atutxaren (EAJ) ustez, aurrekontuak enpleguari, gizarte zerbitzuari eta pertsonen beharren babesari mesede egiten die.
Carlos Totorikak (PSE-EE) bat egin du EAJrekin aurrekontuak “errealistak eta koherenteak” direla esatean bi alderdiek sinatutako gobernu akordioan azaldutako konpromisoekin. Halaber, enplegua sortzea sustatu nahi dutela eta suspertze ekonomikoa bilatzen dutela nabarmendu du.
Asun Merinerok (Podemos) azaldu duenez, aurrekontuak “ez dira eraginkorrak” Bizkaiko gizarte zerbitzuen defentsan eta ongizatearen beharraren estalduran. Zuzenketak helburu horietan oinarritu ditu.
Beste instituzio batzuetan alderdiarekin akordio batzuetara iritsi eta Bizkaian taldea “kanpoan uzteko eta marjinatzeko nahia” duela aurpegiratu dio Javier Ruizek (PP) EAJri.
Arantza Urkaregik (EH Bildu) aldez aurreko eztabaidarik gabe aurrekontuak onartzea deitoratu du. Kontu hauekin “enpresa eraikitzaileak eta egoitza pribatuak irabazten” irteten direla esan du, izan ere, ez da murrizketarik aurreikusi horientzat.
Arturo Aldekoak (Talde Mixtoa) 2017an aurrekontuetan aurkeztu dituen zuzenketetako batzuk onartzeko lan egingo duela azpimarratu du, errefusatu egin baitituzte.