Ekonomia -

Arabako Auzitegia

Vital Kutxako epaia "berehala" betetzeko eskatu du PPk

Horrez gain, Vital Kutxako Administrazio Batzordean PPko hiru kideren sarrera ere exijitu dute popularrek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gregorio Rojo Vital Kutxako buruzagitza "berehala" utzi beharko lukeela aldarrikatu du gaur PPk. Horrez gain, Vital Kutxako Administrazio Batzordean PPko hiru kideren sarrera ere exijitu dute popularrek.

Alfonso Alonso eta Javier de Andres PPko buruek agerraldia egin dute gaur Gasteizen, atzoko epaiaz hitz egiteko. Izan ere, Arabako Probintzia Auzitegiak Vitaleko Batzordeak erabakitako akordioa ukatu egin zuen.

Adostasun horren arabera, Gregorio Rojo Administrazio Kontseiluko batzordekide izendatu zuten, ondoren bankuko presidente aukeratzeko. PPk Rojoren berrautatzearen aurkako salaketa egin zuen.

PPren ustez, Rojo presidentziatik kendu behar dute Caja Vitaleko erabaki organoen buruzagitzan 16 urte jarraian daramatzalako. Legeak 12 urteko muga ezartzen du. Auzitegiaren arabera, Rojok "berrautaketa aukera 2004an agortu zuen".

Batzorde Orokorrak 2008ko martxoaren 30ean adostutako akordioaren arabera, Administrazio Kontseiluko batzordekide bezala Gregorio Rojo, Alfredo Bruno eta Alfredo de Miguel izendatu zituen (hirurak sozialistak).

Gaur iragarri dutenez, PPko abokatuek idazki bat aurkeztuko dute Arabako Auzitegian, epaia bete dadin.

Bestalde, Vital Kutxako iturrien arabera, Gregorio Rojok ez du kargua uzteko asmorik. PPko buruek PSEri eta EAJri epaia betetzeko eskatu diete, Vital Kutxaren irudiari kalterik ez egiteko. Administrazio Batzordean EAJko 8 ordezkari daude, PSEko 7 eta ELAko 1. PPren kontuen arabera, popularrak sartzekotan, EAJk 6 ordezkari izango lituzke, PSEk beste 6, PPk 3 eta ELAk 1.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea