Ekonomia -

Pentsioak finantzatzeko

Erretiroa hartzeko adina atzeratu du Frantziako Gobernuak

Duela hilabete bat aurkeztutako lerroekin bat egiten du testuak eta erretiroa hartzeko adina 65 urteetatik 67 urtetara arte atzeratzen du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pentsioen erreforma onartu du gaur Frantziako Gobernuak eta erretiroa hartzeko adina bi urte atzeratuko du (60 urtetik 62 urtera borondatezkoa). Era berean, bere egitasmoan aldaketa txikiak soilik onartuko dituela errepikatu du Exekutiboak, helburua 2018rako sistemaren finantzaketa orekatzea delako.

"Ez da ezkerreko ezta eskuineko erreforma bat, pentsioen erreforma bat da" eta "Frantziako eredu banatzailea bermatzea eta berriz orekatzea du" xede, Eric Woerth Lan ministroak azpimarratu duenez. Ministroen Kontseiluak onartu du testua eta ondoren komunikabideen aurrean aurkeztu du Lan ministroak.

Duela hilabete bat azaldutako lerroekin bat egiten du gaur aurkeztutako testuak eta erretiroa hartzeko adina 65 urteetatik 67 urtetara arte atzeratzen du progresiboki 2018ra arte, zigorrik gabe pentsio osoa jasotzeko eskubidea izateko.

Erreformarik gabe aurrikusitako 32.000 milioi euroko defizitaren % 44 estaltzeko balioko du atzerapenak, eta horregatik puntu hori negoziaezina dela esan zuen bart Frantziako presidenteak, eta baita funtzionarioen kotizazio mailaren parekatzea ere. Langile publikoen kotizazioa sektore pribatukoarenarekin parekatu nahi du Gobernuak, % 7,85etik % 10,55era igoz.

Horrela, gaindituko ez dituen "lerro gorriak" ezarri zituen Sarkozyk. Orain erreforma Parlamentuak onartu behar du, Gobernua urriaren bukaeran birmoldatu baino lehen.

Protestak

Era berean, sindikatuek antolatutako protestek iritzia aldatuko ez diotela ohartarazi zuen Sarkozyk, nahiz eta oso masiboak izan, baina datozen asteetan negoziaketarako tartea utzi zuen. Irailaren 7an mobilizazioak egingo dituzte Frantziako sindikatu nagusiek.

Exekutiboak erabakia hartzen zuen momentuan, sindikatuetako buruzagiek elkarretaratzea egin dute Pariseko Lan Ministerioaren egoitzaren aurrean, euren oposizioa adierazteko eta Sarkozyren elkarrizketa proposamena salatzeko, izan ere, ez du funtsik bere jarrera irmoa ikusita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea