Ekonomia -
Aurrekontuak
Euskadik 14,8 milioi euro izango ditu aurten turismoa sustatzeko
Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak bere departamentuaren proiektu nagusiak zeintzuk diren azaldu ditu. Ia % 41 turismora bideratuko dute.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak 14,8 milioi euro izango ditu aurten EAEko arlo turistikoa sustatu eta modernizatzeko. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 2017rako duen aurrekontuaren % 40,9 da turismoari bideratuko diotena, Alfredo Retortillo sailburuak zehaztu duenez.
Retortillok agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarrean buru duen sailak izango duen aurrekontuaren nondik norakoak azaltzeko. Guztira, 36,2 milioi euro izango ditu, Eusko Jaurlaritzako sailen artean aurrekontu txikiena. Dena dela, iazko kontuekin alderatuta, % 3,7ko hazkundea izan du sail honek.
Sailburuaren hitzetan, Merkataritzak aurrekontuaren % 37,6, 13,6 milioi, hartzen du, eta Kontsumok, % 15,5 (5,6 milioi).
Aurrekontu "txikia" izanagatik, "baliabideak handitzeko" konpromisoa hartu du Retortillok. Izan ere, bere ustez, turismoak eta merkataritzak asko lagun dezakete ekonomiaren sustapenean, eta ahalmen hori "maximizatzen" saiatuko dela azpimarratu du.
Hala, arlo pribatuaren "inplikazioa" bultzatzen saiatuko dela iragarri du, batez ere jarduera jakin batzuetan. Hala nola, Euskadi ezagutzeko etortzen diren kazetari eta touroperadoreen bidaiak ordaintzeko orduan.
Azaldu duenez, tankera honetako bidaiak diru publikoz ordaintzen dituzte, baina bere asmoa da bisitatzen diren jatetxe, hotel eta enparauek gastuaren zati bat ordaintzen laguntzea. "Asmoa ez da kudeaketa publikoa pribatizatzea, baina sektore pribatua gehiago inplikatu behar dugu", adierazi du sailburuak.
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak azaldutako asmoarekin bat datorrela gaineratu du Retortillok, alegia, erreforma fiskalaren alde dagoela.