Ekonomia -
Bigarren hiruhilekoaren datuak
Langabezia bi hamarren hazi da Euskadin
EAEko langabezia-tasa (% 9,1) Espainiarena (% 19,9) eta Europakoa (% 10) baino txikiagoa da, Eurostaten arabera.
Erredakzioa
Euskadiko langabezia-tasa hazi egin da urteko bigarren hiruhilekoan.
Hain zuzen ere, Eustat EAEko Estatistika Institutuak gaur baieztatu duenez, portzentajea bi hamarren igo da aurreko hiruhilekoaren datuekin alderatuta. Orain, % 9,1ekoa da tasa.
Guztira 95.000 pertsona daude lan bila Euskadin, hots, aurreko hiruhilekoan baino 3.200 gehiago, aipatu iturrien arabera.
Langabezia-tasa handiena 16 eta 24 urte arteko pertsonen artekoa da, % 25ekoa, alegia. Orotara 14.300 gazte daude lan barik.
Lurraldeka, hazkunde handiena Bizkaian jazo da (3.800 pertsona gehiago). Han, tasa % 10,1ekoa da dagoeneko.
Gipuzkoan 25.000 pertsona daude lan gabe (3.300 gehiago), eta tasa % 7,5ekoa da.
Araban, baina, portzentajeak behera egin du, 3.900 pertsonak lana aurkitu baitute, eta tasa % 8,9koa da.
Eurostat Europar Batasuneko Estatistika Bulegoaren arabera, aurtengo maiatzean Europako batez besteko langabezia-tasa % 10ekoa zen, eta Espainiakoa % 19,9koa.