Ekonomia -
425 euro
Autonomo langabeentzako diru-laguntza onartu du Kongresuak
Langile Autonomoen Elkarteetako Federakunde Nazionala pozik agertu da behin betiko onarpenarekin.
Erredakzioa
Langile autonomoak babesteko sistema espezifiko bat ezartzen duen Legea behin betiko onartu du gaur Diputatuen Kongresuak osoko bilkuran. Horrela, PSOEren aurkako botoarekin, CiUren zuzenketa bat barneratu dute eta diru-laguntzarik jasotzen ez duten autonomo langabeek 425 euroko sorospen berria jasoko dute sei hilabetetan zehar.
Autonomoen diru-laguntzaren onarpenarekin pozik agertu da Langile Autonomoen Elkarteetako Federakunde Nazionala (ATA), lana uztera behartuak ikusten diren guztiek laguntza bat jasotzeko eskubidea izango dutelako aurrerantzean.
Ekimenak aldeko 175 boto jaso ditu eta kontrako 171. Hiru diputatu abstenitu egin dira. 2009ko urtarrilaren 1etik atzeraeraginezko ondorioa du sorospen berriak, eta lanbide arteko gutxieneko soldataren (LGS) % 75 gainditzen ez duten langileek jasoko dute. Era berean, Langile Autonomoen Araubide Berezian azken bost urteetatik hirutan kotizatu duten langileek jaso ahal izango dute diru-laguntza.
Gobernuak hiru hilabeteko epea du araudia zehazteko eta sorospena indarrean jartzeko. Laguntzaren onuradunak lanpostua "bilatzeko konpromiso aktiboa" izan beharko du laguntzari lotzeko. Horrela, gutxienez 180 orduko hezkuntza jasoko du langabeak eta, gainera, sorospena erkidegoek emandako laguntzekin bateragarria izango da.
Urtebete
Prestazioak 12 hilabeteko iraupena izango du, nahiz eta Gobernuak gutxiago aurrikusi. Izan ere, tramite parlamentarioan babes sistema berria adostu dute alderdi politikoek. Gainera, laguntza mantentzeko kotizazioa % 1,8tik 2,2ra igo dute.