Ekonomia -
Sustapen Ministerioa
Gobernuak ez du murrizketarik egingo Euskadiko eta Nafarroako obretan
Jose Blanco buru duen Ministerioak 32 obra-kontratu utziko ditu bertan behera Espainian, gehienak Katalunian, Kantabrian, Aragoin eta Gaztela eta Leonen.
Erredakzioa
Jose Blanco Espainiako Gobernuko Sustapen ministroak iragarri du 32 obra-kontratu utziko dituztela bertan behera Espainian. Dena dela, murrizketek ez dute eraginik izango Euskadin eta Nafarroan.
Are gehiago, Estatu osoan, sei erkidegotan baino ez dituzte obrak bere horretan utziko (aipatu bietan, Baleare eta Kanariar uharteetan, Errioxan eta Gaztela-Mantxan), Sustapen Ministerioak obra gutxien abiatu dituen lurraldeak baitira.
Gaur egun, Ministerioak eta haren menpeko enpresek 37 obra-kontratu dituzte abian Euskadin, eta lau Nafarroan.
Euskal Yri buruz, Blancok ziurtatu du eutsi egingo diotela inbertsioen erritmoari, baina kontraturen bat urtebete atzera lezaketa.
Batik bat, Katalunian, Kantabrian, Aragoin eta Gaztela eta Leonen egingo dituzte murrizketak. Izan ere, bertan behera utziko dituzten 32 kontratuetako 17 erkidego horietakoak dira.
32 kontratuetatik, 27 errepidetakoak dira, eta bost Abiadura Handiko Trenarenak.
Nolanahi ere, Kongresuko Sustapen batzordean egindako agerraldian, Blancok zehaztu du kontratu horietako 14 berriz ere kontratatuko dituztela, horietako batzuk enpresa pribatuekin, gainera.
Abiadura Handiko Trenaren kontratuak, adibidez, berriz kontratatuko dituzte. Valentzia-Castello tarteko biren eta Santander-Palentzia tarteko hiruren kasua da.
Lurraldeka, Gaztela eta Leonen zazpi proiektu utziko dituzte bertan behera, bost Katalunian, launa Kantabrian eta Aragoin, hiruna Andaluzian eta Valentzian, bi Galizian eta bana Madrilen, Extremaduran, Asturiasen eta Murtzian.