Ekonomia -

Ekonomiaren azterketa

Espainian erronka "larriak" ikusten ditu Nazioarteko Diru Funtsak

Lan-merkatu disfuntzionala, husten ari den higiezinen burbuila, defizit fiskal handia eta zor publiko zein pribatu handiak ditu Espainiak, Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) arabera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainian erronka "larriak" ikusten dituela adierazi du gaur Nazioarteko Diru Funtsak (NDF), eta azkartasunez ekitea "erabakiorra" dela azaldu du. Era berean, Gobernuak egindako aurrikuspen makroekonomikoak "baikorrak" direla esan du NDFk.

Espainiako ekonomiaren azterketaren ondorioak argitaratu ditu gaur NDFk. Azterketaren arabera, lan-merkatu disfuntzionala, husten ari den higiezinen burbuila, defizit fiskal handia eta zor publiko zein pribatu handiak ditu Espainiak.

Gainera, produktibitateak apenas egin du gora Espainian, finantza-sektoreak esparru ahulak ditu eta finantza-merkatuetan baldintza zailak dituztela esan du Nazioarteko Diru Funtsak.

Bestalde, Espainiak martxan jarritako sendotze fiskala "asmo handikotzat" jo du erakundeak, baina aurrikuspen makroekonomiko "baikorretan" oinarritzen dela esan du, eta helburuak "sinesgarriagoak" izan beharko liratekeela azpimarratu du.

Pentsioen erreforma "azkar" egin beharko luketela gaineratu du NDFk, eta hazkundea areagotzeko egiturazko beste erreforma batzuekin lagundu beharko dutela erantsi du, "batez ere" lan-merkatuko erreformarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea