Ekonomia -
lan gatazka
Lanuzteak egingo dituzte 6 egunez Artxandako tuneletan gaur gauetik hasita
Protestak 00:00etatik aurrera egingo dira 6:00etara arte, apirilaren 15, 16, 18, 22, 23 eta 27an.
Agentziak | Erredakzioa
Artxandako tuneletako enpresa kontzesionarioan (Transbisa) ordezkaritza duten ELA eta LAB sindikatuek lanuzteak egitera deitu dituzte bertako langileak sei egunez, orain arte ez baitute adostasunik lortu hitzarmen kolektiboa negoziatzean. Hartara, protestak 00:00etatik 6:00etara egingo dira, apirilaren 15, 16, 18, 22, 23 eta 27an.
Aipatu sindikatuek aste honetan bertan zabaldutako ohar baten arabera, hitzarmena ez da eguneratu 2014tik, eta zentralek diotenez, enpresarekin martxoaren 28an izandako azken bileraren ostean, ez dira ematen akordio batera iristeko baldintzak.
ELAren eta LABen esanetan, orain arte dagoeneko zazpi greba egun egin arren, "zuzendaritza apenas mugitu da". Euren aburuz, enpresan lan egiten duten 45 langileentzat planteatzen dituzten proposamenak "erabat arrazoizkoak" dira. Gainera, ohartarazi dutenez, "mobilizazioak gogortu egin daitezke etorkizun hurbilean".